Eskola kontseilua ebaluatzeko eta hobetzeko tresna bat prestatu dute HEIZEk eta EHIGEk

Eskola kontseilua ebaluatzeko eta hobetzeko tresna bat prestatu dute HEIZEk eta EHIGEk
EHIGE
Actualizado: martes, 10 diciembre 2024 16:26

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

HEIZE euskal eskola publikoaren zuzendaritza elkarteen federazioak eta EHIGE Euskal Herriko ikastetxeen gurasoen konfederazioak eskola kontseilua ebaluatzeko eta hobetzeko balio duen tresna bat aurekztu dute astearte honetan.

Bere arduradunek agerraldian azaldu dutenez, azaroan egindako hauteskundeen ondoren, hilabete honetan eskola kontseiluak eratu behar dira kontseilari berriekin.

Bada, ikastetxe publikoetako erabaki eta partaidetza organo horien jardunari buruz hausnartzen laguntzeko eta hobetzeko proposamenak egiteko, EHIGEk eta HEIZEk ebaluazio tresna bat prestatu dute eta ikastetxeei helarazi diete.

"Gure urteetako esperientzian eta ezagutzan oinarrituta, dekalogo bat egin dugu. Bertan, hainbat eremu jorratzen dira, hala nola parte hartzea sustatzea eta erraztea, eskola komunitateari entzutea, bilera eraginkorrak eta abegikorrak egitea eta eskola komunitateari informazioa ematea. Orain ikastetxeei dagokie tresna hori erabiltzea haien egoera ezagutzeko eta hobetzeko konpromisoak hartzeko. Ikasturtea amaitzean ebaluazio bat egingo dugu emaitzak ikusteko", azaldu dute.

HEIZEren eta EHIGEren arteko lankidetza berri honen helburua parte hartzea sustatzea eta euskal eskola publikoaren eskola komunitateak indartzea da.