Foto: EUSKO JAURLARITZA
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">
BILBO, 7 (EUROPA PRESS)
Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak salatu du Espainiako Estatuak, eleanitza izan arren, "elebakarra balitz bezala" funtzionatzen duela, eta, Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren betetze maila, "oro har, oso altua" izan arren, ez dela Estatuko administrazioari esker, baizik eta "lurralde autonomikoetako gobernuek egiten duten politikari esker".
Baztarrikak Bilbon egin ditu adierazpenok, Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren betetze maila neurtzen duen Europako Kontseiluko adituen batzordearekin bildu ondoren. Adituen batzordea beste eragile batzuekin ere bildu da gaur, hala nola Kontseilua eta Behatokiarekin.
Hizkuntza Politikarako sailburuordeak azaldu du adituen batzordearen txostena egiteko orduan "bi momentu" daudela. Lehenengoa da Espainiako Gobernuak bere txostena bidaltzea Europako Kontseiluari. Gobernu zentralak autonomikoengandik jasotzen dituen txostenetan oinarrituz egiten du txostena, eta Jaurlaritzak 2013ko azaroan bidali zion euskarari Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) zegokiona.
Ildo honetan, Baztarrikak azaldu du Europako Kontseiluari bidali aurretik, elkarrekin horretaz hitz egin eta txostena aztertu ahal izatea eskatu ziotela Espainiako Gobernuari, baina aukerarik ez dela egon deitoratu du.
"Espainiako Gobernuak, Euskaditik, Kataluniatik, Galiziatik, Nafarroatik, Valentziatik eta Balearretatik txostenak jaso eta gero, bere txostena bidali du, eta horrek esan nahi du, besteak beste, Espainiako Gobernuak Europako Kontseilura bidalitako txostenean euskarari eta EAEri dagokionez Jaurlaritzak bere txostenean jasotako hainbat gauza ez direla jaso, berak hala egin eta erabaki duelako", salatu du.
BETETZE MAILA
Halaber, Espainiako Estatuari dagokionez, euroitunaren betetze maila, "oro har, oso altua" dela esan du Baztarrika, "baina ez Estatuko administrazioari esker, baizik eta lurralde autonomikoetako gobernuek egiten duten politikari esker". Izan ere, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako arduradunaren arabera, "betetze mailan Estatuko administrazioak zerbait badu euroitunari dagokionez, ez betetzea da, eta defizit ugari".
"Defizit" horien artean, Estatuko administrazio periferikoak EAEn bere zerbitzuetan euskararen erabilera sustatzeko eta normalizatzeko egitasmorik ez izatea nabarmendu du Baztarrikak, eta Euskararen Legea betetzea "hemen lanean ari garen administrazio guztiei neurri berean" dagokiela gogorarazi du.
Halaber, "beste defizit bat" aipatu du, alegia, "Espainiako Estatuak, eleaniztuna izan arren, elebakarra balitz bezala" funtzionatzen duela, eta horretarako, esan du "nahikoa" dela begiratzea bere erakundeetara.
"Adibidez -azaldu du-, Auzitegi Konstituzionalaren webgunera joatea nahiko da ikusteko bertako hainbat ebazpen eta epai, gaztelaniaz ez ezik, frantsesez eta ingelesez dauden bitartean, Espainiako hainbat lurraldetan ofizialak diren beste hizkuntzetan, euskaraz, katalanez edo galegoz adibidez, ez daudela, eta hiru hizkuntza horiek errumanieraren pareko hizkuntzak dira Konstituzionalkaren webgunean".
"Hori ez da propioa eta egokia eleanitza den Estatu batean hain lehen mailakoa eta puntakoa den erakunde baten kasuan, Auzitegi Konstituzonala bezala", salatu du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.
EUSKARAREN BILAKAERA SOZIALA
Bestalde, Patxi Baztarrikak azaldu du euskarak euskal gizartean azken 30 urteetan izan duen bilakaeraren berri ere eman diotela Europako adituen batzordeari, eta bilakaera horretan, zenbait ondorio azpimarratu dituztela.
Horrela, lehen ondorio bezala, euskararen ezagutza eta erabilera azken 20-30 urteetan gora egin duela jakinarazi diete adituei. Bigarrenik, erabileraren igoera ezberdina izan dela adinaren eta erabilera eremuaren arabera.
Hirugarrenik, aditu europarrei jakinarazi diete egungo elebidunek duela 30 urtekoek baino "askoz gehiago" erabiltzen dutela euskara esparru publiko eta zerbitzu publikoetan, eta laugarrenik, euskararen erabileran eragina duten zenbait faktore daudela, besteak beste, zein den hiztunaren ama hizkuntza, zer nolako inguru sozialinguistikoan bizi den lagun bakoitza edota zeintzuk diren hizkuntza erabiltzeko eremuak eta motibazioak.
Bosgarren ondorioa bezala, Baztarrikak europar adituei azaldu die aldaketa gertatzen ari dela euskal hiztunaren perfil soziolinguistikoan, eta aldaketa horrek "erronka berriak" dakartzala, "hobetzen jarraitzeko".
"Azken batean, azken 30 urteetan euskararen bilakaera sozialaren saldoa da, gaur egun EAEn bizi garela 38.000 biztanle gehiago, beraz antzeko populazioa, baina 318.000 euskaldun gehiago, 156.000 euskaldun hartzaile edo elebidun pasibo gehiago, eta 400.000 erdaldun huts gutxiago daudela", adierazi du.
GOMENDIOAK
Bestalde, Patxi Baztarrikak gogorarazi du Europako Kontseiluko adituen batzordeak zenbait gomendio eta eskakizun egin zizkiola Jaurlaritzari aurreko txostenean. Horrela, derrigorrezko eredu hirueleduna ezartzean, hizkuntza ofizialek kalterik jasan ez zezatela eskatu zion, eta "guk eman diegu ezagutzera LOMCE dela-eta Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin lortu duten akordioa".
"Akordio horren arabera, gure hizkuntza ereduen sistema babesten da, non euskarazko irakaskuntza bermatzen den, gero eta onarpen handiagoa duen D ereduaren eskaintza, B eta A ereduekin batera", gaineratu du.
Halaber, Lanbide Heziketan (LH) euskararen eskaintzari eusteko eta areagotzeko ahalegina egin behar zela esan zuen adituen batzordeak, eta Baztarrikak jakinarazi du LHn D ereduko ikasleen kopurua gora doala "etengabe", eta ikasturte honetan %12,5 igo dela D ereduko ikasleen kopurua, iazkoarekin alderatuz. Halere, esparru honetan "hobekuntza tarte luzea" dagoela uste du.
Gainera, Jaurlaritzako ordezkariek Euskararen Agenda Estrategikoaren berri ere eman diete aditu europarrei, eta horren barruan dauden Osakidetzako II. Plana, Ertzaintzaren I. Plana, Administrazio Orokorreko V. Plana eta Justizian garatzen ari den planaren berri.
Azkenik, Baztarrikak azaldu du euskararen lurraldeen arteko harremanei buruz ere aritu direla aditu europarrekin. Horrela, Nafarroari dagokionez, zenbait esparrutan duten harremanak aipatu dizkiete, eta, Jaurlaritzari dagokionez, ETB eta euskararen sustapenerako Nafarroako Gobernuarekiko duen disposizioa "erabatekoa" dela esan die, "bakoitzaren erabakitze esparruan errespetatuz".
"ETBri dagokionez adierazi duguna da, oro har, Nafarroako Gobernuarekiko Jaurlaritzak duen disposizioa erabatekoa dela euskararen sustapenerako, eta kooperazio horren muga Nafarroako Gobernuak jartzen duen muga besterik ez dela", deitoratu du.