BILBO 14 (EUROPA PRESS)
Esti Vivancok eskuratu du Bilboko Udalak antolatzen duen Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren 43. edizioa 'Arestiren etxea' lanagatik. Era berean, Nagore Agirre Alvaradok eta Irati Jimenez Uriartek accesita bana lortu dute 'Erdi' eta 'Besarkatzailea' lanei esker, hurrenez hurren.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak banatu dizkie sariak irabazleei asteazken honetan udaletxeko Arabiar Aretoan egindako ekitaldian, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotzia, epaimahaia eta hiribilduko kulturgintzaren ordezkariak ere bertan zirela.
Bilboko Udalak urtero antolatzen du Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa, eta bere helburuak literatur sorkuntza sustatzea eta idazlw bilbotarraren memoria eta obra gogoan mantentzea dira, urriaren 14an urtero gogoratuz bere Arestiren jaiotza eguna.
Bada, 2026ko edizioko euskarazko modalitateko sari nagusia Esti Vivancok lortu du, 'Arestiren etxean'. Epaimahaiak egindako balorazioaren arabera, "aipu eta biraketa metaliterarioekin, James Joycerengana eta Gabriel Arestirengana berarengana eramaten gaitu", eta bere narrazioak "irakurlea literatura-jolas dibertigarri batean murgilarazten du, ezusteko amaiera batekin, non ezer ez den zirudiena".
Gaztelaniazko modalitatean, Francisco Ayudarte Granadosen 'La última sustitución' izan da ipuin irabazlea, eta accesitak Patricia Santos Peters ('Las hijas del viento') eta Augusto Cesar Godoy Sinn ('Ensayo general') egileentzat izan dira. Euskarazko zein gaztelaniazko kontakizun onenentzako sariak 3.500na eurokoak dira, eta accesiten irabazleek 1.750na euro jaso dituzte.
TOPAKETA
Bestalde, Gabriel Arestiren omenaldi gisa, eta bere jaiotzaren eguna ospatzeko, Bidebarrieta Liburutegiak literatur topaketa bat ospatuko du asteazken honetan bertan, 19:00etan, eta idazle bilbotarra bera ikusi eta entzun ahal izango da 'Harri eta Herri' lanaren pasarte bat irakurtzen.
Dokumentua Espainiako Irrati-telebista Artxiboan dago, eta Jon Kortazar EHUko Euskal Literaturako katedradun emerituak aurkitu zuen, Arestik Manuel Maria poeta galiziarrarekin izan zuen harremanari buruzko ikerketa batean. Idatzitako gutunetako batean, bilbotar egileak "bigarren kateko" programa batean parte hartu zuela eta "zorionez, penarik eta aintzarik gabe" igaro zela kontatzen zion.
TVEk 1969an ekoitzia, pieza 'Ateneo' programa kulturalean agertu zen eta poeta bilbotarraren ezagutzen diren dokumentu bideografiko bakanetakoa da. Arestik Ibon Sarasola eta Juan San Martin ditu lagun programan.
Bidebarrietako ekitaldian, Jon Kortazarrek testuinguruan jarriko du aurkikuntzaren garrantzia eta publikoak poetaren ahotsa entzun ahal izango du. Udane Goikoetxea kazetari eta EHUko irakasleak ere 'Harri eta Herri' liburuko poemak irakurriko ditu. 1964an argitaratutako lanak Literaturako Espainiako Sari Nazionala jaso zuen 1968an, eta euskal poetikaren modernizazioa ekarri zuen, eduki soziala emanez eta hiri mundura hurbilduz.