BILBO 15 (EUROPA PRESS)
Etxebizitzarekiko kezkak gora egiten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gizarte arazo nagusien artean eta kezka nagusi gisa sendotu da, biztanleriaren %60k aipatzen baitu. Gainera, segurtasun ezarekiko eta immigrazioarekiko kezkek gora egin dute.
Hala islatu dute Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egin duen eta astelenen honetan argitaratu duen 89. Euskal Soziometroaren emaitzek.
Bada, EAEko biztanleek aipatzen dituzten gizarte arazo nagusien artean, etxebizitzarekiko kezkaren ondoren, nahiko urrun daude lan merkatuarekin (%40) eta osasungintzarekin (%24) lotutako arazoak, eta biak jaitsi dira martxoko neurkerekin alderatuta.
Arazo ekonomikoak ere gutxiago aipatzen dituzte (%13) EAEko herritarrek, eta segurtasun faltarekiko (%21) eta immigrazioarekiko (%15) kezkek, berriz, gora egin dute.
Ideologikoki eskuinarekin identifikatzen direnen artean nabarmentzekoa da immigrazioarekiko kezka bikoiztu egiten dela; ezkerraren eremuan, berriz, etxebizitzarekiko kezkak indar handiagoa hartu du.
Eguneroko bizitzako arazo pertsonalei dagokienez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek arazo ekonomikoak (%24) aipatzen dituzte lehenik, eta ondoren datoz lan merkatuarekin lotutakoak (%23), etxebizitza (%21) eta osasungintza (%21). Segurtasun falta biztanleriaren %13k aipatzen du.
Martxoko neurketarekin alderatuta, etxebizitzarekiko, osasungintzarekiko eta segurtasun faltarekiko kezkek zertxobait gora egin dute; arazo ekonomikoekiko eta lan merkatuarekiko kezkek, berriz, behera. Halaber, etxebizitzarekiko eta lan merkatuarekiko kezka nabarmen handitu da 30 urtetik beherakoen artean.
EGOERA POLITIKOA
Beste alde batetik, EAEko herritarren %64k uste du erkidegoak bizi den egoera politikoa ona edo oso ona dela, eta %76k Espainiako Estatukoan bizi dena txarra edo oso txarra dela.
Ekonomiaren arloan, balorazioak desberdinak dira, baina lurraldeen arteko aldea berresten dute: %77k positiboki baloratu du Euskadiko ekonomiaren egoera; Espainiako Estatuarena, aldiz, %53k txarra edo oso txarra dela dio.
Bi kasuetan, 18 eta 29 urte arteko gazteek egoera ekonomikoaren balorazio negatiboagoa egiten dute, baina ez hain negatiboa egoera politikoari dagokionez, batez ere Espainiako Estatuan.