DONOSTIA 26 Abr. (EUROPA PRESS) -
Bilduma Landareen Azokaren bederatzigarren edizioa ospatuko da Aian, Pagoetako Parke Naturaleko Iturraran Lorategi Botanikoan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aiako Udalak Kutxaren laguntzarekin antolatuta. Apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean ospatuko da azoka eta Europako 45 mintegi bilduko ditu.
Azoka Iturrarango Lorategi Botanikoan egongo da irekita goizeko 10:00etatik arratsaldeko 18:00etara. Sarrera hiru euro kostatuko da, eta doan izango da 12 urtetik beherakoentzat. Gainera, sarrera berarekin bi egunetan sar daiteke, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Autoz iristen diren bisitarientzat bi aparkaleku moldatuko dira, bata Aian eta bestea Txurrukan, Oriotik gertu, eta handik doako autobus zerbitzu etengabea egongo da azokaraino. Garraio publikoa -zehazki EuskoTren- erabiltzen dutenentzat, doako autobus zerbitzua izango da Zarauzko Euskotrenen geltokitik Iturrarango Lorategi Botanikoraino. Kontsigna zerbitzua ere izango da, landareak eroslearen ibilgailuraino eramateko.
Pagoetako Parke Naturalaren helburuetako bat landaretzaren kontserbazioa eta aniztasuna sustatzea da. Bide horretan, Iturrarango Lorategi Botanikoan 1986ko neguan egin ziren lehenengo landaketak eta urtero landare berriak gehitu dira, gaur egun 5.000 bat taxoi desberdinen bilduma aberasgarria dagoelarik.
Harrezkero, Iturrarango Lorategi Botanikoak urteak daramatza lurralde eta klima ezberdinetako landare bildumagintzan, bertako klima pribilegituari esker. Iturrarango Lorategi Botanikoaren helburu nagusia da sektoreko aditu, profesional eta landarezaleei eta publikoari oro har landare munduaren aldaera aniztasuna ezagutzera ematea, bere kontserbazio eta sustapenean laguntzeko.
Helburu honen ildotik, Landare Berezien Azoka jarri zen abian bertan 2003an. Landare azoka ezberdina da, mintegizale espezializatuak biltzen dituena. ASPECO Frantziako mintegizale bildumagile elkartearekin bat eginda antolatzen da. Horregatik, hasieratik izan du azoka honek beste helburu gisa bertako mintegizaleak landare berriak egin eta arriskatzera animatu eta bultzatzea, horrela, merkatua bertan ekoiztutako landare berriekin aberasteko. Bide horretan, landare ekoizlearen eta afizionatuaren elkargune eta landaretza sektoreko profesionalen arteko elkargune bihurtu da.
AZOKA GAUR EGUN
Urteotako esperientziaren ondoren, antolatzaileek azpimarratu dute Lorategi Botanikoa "eredugarri" den bezala, azokekiko ere "erreferente" izaten jarraitzen duela, landare azoka ezberdina baita.
Mintegizale parte-hartzaileen kopurua handitzen joan da, geroz eta bilduma gehiago eta aberatsagoak eskainiz bisitariari, kontinente guztietako landareak erakutsiz eta salmentan jarriz. Gainera, nabarmena da landare erosle eta adituen gorakada bisitarien artean.
Inguruko hainbat eta hainbat mintegizale beraien bildumak aberasten eta espezializatzen ari dira (besteen artean Landarbaso eta Blasenea), horren bultzatzaile guztion artean egindako lana izan delarik. Azokara datorren bisitari asko eta asko oso urrutitik dator, hala nola Kanariar Uharteetatik, Bartzelonatik, Malagatik eta Holandatik.
Bisitari kopuruari dagokionez, eta eguraldia lagun izan denean, 10.000 lagun inguru bildu dira bertan urtez urte. 2007an eta 2009an, eguraldi euritsuarekin kopurua erdira jaitsi bazen ere, oso balorazio ona egin dute antolatzaileek, horrek aditzera eman baitie "dagoeneko azoka heldua dela eta sendotua dagoela, publiko benetan interesatua oztopo guztien gainetik hemen izan eta izango dugula".
Aiako herritarren eta Parkearen arteko lotura ere sendotu egin da, boluntario ugarik hartzen baitu parte bi egun horietako lanetan eta inplikazioa txalogarria izan da. Herritar ugari egun hauei esker hurbildu da Parkera aurrenekoz, eta Aiako Udalak 2010ean egindako galdeketa batean kultura-ekintzen eta jaien inguruan ere balorazio bat eskatu zuen, eta Landare Berezien Azokak jaso zuen puntuazio handiena, 9,21ekoa hain zuzen.
Aipatu bezala, 45 mintegik hartuko dute parte aurtengo edizioan. Urtero daude berrikuntzak, eta antolatzaileak beti saiatzen dira ahalik eta landare mota ezberdin handiena erakusten.
Aurtengo berrikuntza aipagarrienen artean daude Aromaticulture (Frantzia), landare usaintsuak eta sukaldaritzen erabiltzen diren landareak ekarriko dituena; Les Refardes (Bartzelona), modu ekologikoan ekoizturiko baratze landare eta landare tradizionalen haziak ekarriko dituena; Pepiniere Gerard Cavatore (Frantzia), mimosa bilduma zabala duen mintegi frantsesa; Plantaromed (Malaga), sukalderako landareen eta landare usaintsuen hautaketa paregabea duen Malagako mintegia; eta Tropique Production (Frantzia), 'Hedychium', 'Colocasia', 'Arisaema' eta 'Equiseto' bilduma polita duen mintegia.