VITORIA, 9 Sep. (EUROPA PRESS) -
AEK-k 2008-2009 ikasturterako AEK euskaltegietan matrikulazio kanpaina aurkeztu du gaur laster inauguratuko den Gasteizko Zadorra Euskaltegian. Bertan, AEKren Artezkaritza Kontseiluko Fernando Landaburuk, Mertxe Mugikak, Oskar Elizburuk eta Aitziber Sarasolak hartu dute parte.
Aurtengo kanpaina berri honen leloa 'mihia jan dizu katuak?' da. Korrodinakundeak milaka kartel ipiniko ditu Euskal Herri osoan zehar bi irudirekin: batean katu bat agertuko da 'mihia jan dizu katuak?' leloarekin, bestean, berriz, txakur ageriko da 'la ciencia de enseñar la lengua maistosamente' mezuarekin.
Katua "isiltasunarekin eta ez hitz egitearekin lotua dagoen etxeko aberearea" dela diote AEK-koek. "Badirudi katu horrek mihia jan diela euskaraz aritzeko erraztasunik ez daukatenei, euskaraz zerbait jakin arren askatzen ez direnei, inoiz egin eta ahaztu egin dutenei... finean, euskaldun aktiboak izateko zailtasunak dituztenei", esan dute.
Txakurra, ordea, "laguntasuna eta leialtasunarekin" lotu dute. Horrela, adierazi nahi dute euren helburua "katuak mihia jan dien horiei guztiei irtenbidea" ematea dela, hiztun berri eta aktikoak "adiskidetasunez" sortuz.
ESKAINTZA ZABALA
Aukera ezberdinak eskainiko ditu AEK-k euren ikasleei. Alde batetik, ohiko euskara eskolak egongo dira, bi ordu ordutegi ezberdinetan egin ahal izango dira edo lau edo bost orduko ikastaro trinkoak goizez edo arartsaldez. Bestetik, titulu homologatuak lortzeko ikastaroak, taldeentzako ikastaroak (etorkinak, koadrilak, gurasoak...), barnetegia, autoikaskuntza, on-line ikastaroak, glotodidaktika (euskara irakaslea izateko), itzulpen zerbitzua eta euskararen normalizazio eta erabilera sustatzeko zerbitzua (enpresetan, administrazioan) egongo dira.
Titulu homologatuei dagokienez, aurten berrikuntzarik badago. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak euskararen egiaztagiri guztiak baliokidetzeko erabakia hartu zuen iaz. Horrela, Europako Erreferentzia Marko Berrituari kjarraiki EGA titulua 3. mailarekin parekidetzen da eta euskaltegian matrikulatuta egonez gero ez da beharrezkoa izango atariko proba egitea.
Bestalde, lehenengo maila euskaltegiko 6. urratsa egindakoan lortuko da gutxi gorabehera eta bigarrena 9. urratsa egin ostean. Gainera, azterketa euskaltegian egin ahal izango da. 4. maila 4 Hizkuntz Eskakizunaren parekoa izango da.
Hala ere, AEKtik azpimarratu nahi izan dute beren helburua ez dela ikasleek tituluak lortzea "bakarrik", baizik eta erabilera sustatzea.
Halaber, ikasleek klasean ikasten dutena praktikan jar dezaten, "konfiantza falta, lotsa, ingurune erdalduna" eta abar baztertuz, zenbait ekimen jarriko dira ikasleen esku. Jarduerarik ezagunena mintzapraktikak dira.
EGA ON-LINE ETA HITZA
Ikasturte berri honi begira, AEK-k erabat on-line burutuko den EGA ikastaroa eskainiko du www.e-gela.aek.org gunean, tutore baten aholkularitza eta jarraipen etengabearen pean. Hau Moodle plataformaren bidez egingo da, AEKren bidez "oso erabilerraza" den programa bat.
AEKtik "irakurtzea ikaskuntza prozesuaren atal garrantzitsua" dela diote eta horregatik ikasle guztiek AIZU! aldizkaria jasoko dute eta, horrez gain, Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat eskualdetan argitaratzen den Hitza egunkaria erdi prezioan jasotzeko aukera izango dute. Diotenez, "herriko eta inguruko berriak egunero euskaraz ezagutzeko modu ederra".
ZADORRA EUSKALTEGIA
2008-2009 ikasturterako izen-emate kanpainaren aurkezpena Zadorra euskaltegian izan da. Euskaltegi hau Lakuabizkarra auzoko Bartzelona kalean dago. Euskaltegi berriak 300 metro karratu ditu, eta horietan kokatuko dira bost ikasgela, euskaltegiko bulegoa, irakasleen gela, Kulturgintza itzulpen zerbitzua eta Gasteizko eta Arabako bulegoak. AEK-koek esan dute Gasteizko inguru honetan "euskaltegi baten premia nabarmena" zela.
Euskaltegi berri hau datorren irailaren 13an inauguratuko da eta, horretarako, hainbat ekitaldi presattuko dituzte egun osoan zehar.