EUSKADI.-Azpeitia eta Azkoitia arteko bidegorria da erabiliena Gipuzkoako hiriarteko sarean

Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 22 septiembre 2009 14:11

DONOSTIA 22 Sep. (EUROPA PRESS) -

Azpeitia eta Azkoitia arteko bidegorria da erabiliena Gipuzkoako hiriarteko bidegorrien sarean. Guztira lau kilometro ditu eta batez beste 1.349 lagunek erabiltzen dute egunero, Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko diputatu Carlos Ormazabalek jakinarazi duenez.

Foru arduradunak adierazi duenez, datu horiek 2009ko lehen seihilekokoak dira eta kontagailu-sistema automatiko batetik atera dira. Izan ere, foru erakundeak kontagailuak jarri ditu Gipuzkoako bederatzi bidegorri ibilbideetan.

Bidegorri horretako kontagailuak eman dituen datuen arabera, batez beste erabiltzaile gehiago izaten dira lanegunetan (1.380 lagun) jaiegunetan baino (1.133 lagun). Erabiltzaile motari dagokionez, lanegunetan %90 oinezkoak izaten dira, eta %10 bizikletariak. Jaiegunetan zertxobait aldatu egiten dira portzentaje horiek, oinezkoak %83 izaten baitira, eta bizikletariak %17.

Ormazabalek jakinarazi duenez, bidegorriaren erabileran ez da aldaera nabarmenik izan urtarriletik ekainera, batez beste 1.000 lagunek baino gehiagok erabili baitute egunero. Dena den, batez besteko hori igo egin da udaberrian, egunean 1.500 bat lagunek erabili baitute. Bidegorria asko erabiltzen da paseatzeko eta gorputz ariketa arinak eta errendimendu handikoak egiteko, baina gero eta gehiago erabiltzen da Azpeitia eta Azkoitia arteko eguneroko joan-etorrietarako ere.

Azpeitia-Azkoitia bidegorria 2007ko irailean inauguratu zuten, Mugikortasunaren Europako Astearen barruan, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok eta bi udalerrietako alkateek. Guztira lau kilometro ditu eta hiru hilabete eta hiru astetan egin zuten, 1.494.762 euroko inbertsioa eginda.

Bidegorriak bide bat du oinezkoentzat, 2 eta 2,5 metro arteko zabalerakoa, eta beste bat bizikletentzat, 2 metro zabalerakoa. Bidegorria bera egiteaz gain, inguruko trafiko motordunak antolatu egin ziren eta hiri altzariak jarri ziren obren garaian.

Bidegorriak argiak ditu bere lau kilometroetan eta, behin betiko egokitu ondoren, finkatuta geratu da Urolako trenbidearen plataforma zaharra (Zumarraga-Zumaia). Lehendik ere erabiltzen zuten oinezkoek nahiz bizikletariek Azkoitiko Juin Txiki industrialdetik Azpeitiko Garmendi auzuneraino joateko.

Azpeitiatik Lasaorako bidegorriari buruz diputatuak esan du 2010eko udazken aldera egiten hastea espero dela. Proiektuaren idazketa amaitu berri da. Ia bost kilometroko luzera izango du eta lau metroko zabalera; oinezkoentzat eta bizikletarentzat bereiztuta eta bideak argia izango du. Apenas aldaparik izango duen bidegorria izango da eta Anardi eta Badiolegi industria-guneak zeharkatuko ditu. Horrela, "bertara lanera joan behar dutenak bizikletaz eroso joateko aukera izango dute", esan du Ormazabalek.

Contenido patrocinado