EUSKADI.-Bilboko Artelan Berreginen Museoak berriro ireki zeneko bigarren urtea ospatuko du bihar ate irekien jardunaldiarekin

Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 20 noviembre 2008 12:47

BILBO 20 Nov. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpeko Bilboko Artelan Berreginen Museoak ate irekien jardunaldia egingo du bihar, Bilbo Zaharra auzoko Mariaren Bihotza eliza zaharreko egoitza berrian berriro ireki zeneko bigarren urteurrena ospatzeko. Azken 12 hilabeteotan, museoak 8.000 bisitari baino gehiago erakarri ditu, eta ekintza desberdinen eszenatokia izan da, baita auzoko bizitza sozio-kulturalaren dinamizatzailea ere, bere arduradunek adierazi dutenez.

Inaugurazioaren urtean, eta 2007ko azaroko berrirekieran antolatutako jardueretan lortu zuen arrakastaren ondoren, bigarren urte honetan, museoak 8.197 bisitariko kopurua sendotzea lortu du. Kopuru honen banaketan, taldeei harrera egiten lortutako arrakasta nabarmendu dute arduradunek: 2007ko azaroaz geroztik, publiko orokorraz nahiz ikaslez osatutako 171 talde izan dira museoan, 2.703 bisitari, guztira.

Bestalde, enpresa ugarik Artelan Berreginen Museoaren arkitektura neogotikoa hautatu dute era guztietako gertaera korporatiboak ospatzeko, besteak beste, moda-desfileak, sari-banaketak, enpresa-aurkezpenak, hitzaldiak, tailerak edota ikus-entzunezkoak.

Aurten, museoaren bilduma iraunkorraz gain, bisitak sustatzerakoan aparteko garrantzia hartu duten era guztietako jarduerak antolatu dira, esaterako, hitzaldiak, bisita gidatuak, haurrentzako eta familia osoarentzako tailerrak edo museoko antzezlanei buruzko hitzaldiak.

Ekimen hauen artean, "Olinpia: buru eta bihotz" aldi baterako lehen erakusketa nabarmendu behar da. Arrakasta handia lortu du dagoeneko, eta urtarrilaren 11ra arte zabalik jarraituko du, antzinako Olinpiar Jokoetan inspiratutako eskulturak ikusteko aukera eskaintzeko asmoz. Era berean, Elias Mas Serra arkitektoak museoaren egoitzari buruz idatzitako liburua argitaratu da.

MUSEOEN NAZIOARTEKO EGUNA

Horrekin batera, maiatzaren 18an, Museoen Nazioarteko Egunean, ate irekietako jardunaldia egin zela, baita musika eta antzerkia uztartu zituen ekitaldi-sorta zabala ere, eta Aste Nagusian jaiarekin bat egin zuela familia osoarentzako tailerrak antolatuz.

Gainera, museoak Bilbo Zaharreko kulturgintza biziberritzeko egiten duen ahaleginaren erakusgarri gisa, Mariaren Bihotza eliza zaharra "Bilbo Zaharra Kulturarako Zubia" programako egoitza izan da berriro ere, komentuko aurrietarako bisitak, arkeologia tailer bat, kontzertuak, desfileak eta performanceak antolatu direlarik.

Gaur egun, aipatutako "Olinpia: buru eta bihotz" eta jaiotza tradizionalen erakusketak ikusi daitezke, bata zein bestea urtarrilaren 11ra arte. Lehenengoak bost atal tematikoetan banatutako ibilbidea du, eta horien bidez, kirol lehiaketa panheleniarren sorrera azalduko du, eta zehazkiago esanda, Olinpiako antzinako jokoen sorrera, geroko garapena eta kirol desberdinetan lehiatzeko zeuden betebeharrak eta eraikinak.

Bisitariek, Fidiasen "Panatenearren Prozesioa" deritzen paneletako baten kopia zehatza ikusi dezakete, "Selene edo ilargiaren zalgurdiko zaldi-burua" izenekoa, bai eta Polikletoren "Diadumenos", Lisiporen "Apoxiomenos" edota Mironen "Diskoboloa" ere, besteak beste.

Bestalde, Bizkaiko Jaiotzazaleen Elkartea sortu zeneko 50. urteurrenarekin bat eginez, eta Bilbon Espainiako Jaiotzazaleen XLVI. Biltzarra antolatu dela gogoan hartuta, museoak urtarrila arte luzatu du 150 figuraz eta konposaketaz osatutako erakusketa, jaiotza-estilo desberdinen historia laburbiltzen duena.

Contenido patrocinado