EUSKADI.-Donostiako Liburutegi Nagusian eta Ernest Lluch Kultur Etxean egingo dira Literatur Solasaldiak udazkenean zehar

Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 23 septiembre 2009 12:47

DONOSTIA 23 Sep. (EUROPA PRESS) -

Udazkenaren atarian Donostia Kulturak prestatu duen jarduera egitarau berrian deigarriak dira Udal Liburutegien Sareko Liburutegi Nagusiak Alde Zaharreko bere ohiko egoitzan eta Anoetako Ernest Lluch Kultur Etxeak antolatu dituzten Literatur Solasaldiak datorren lauhilabetean.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Juan Luis Zabala idazle eta kazetariak koordinatuko dituen euskarazko solasaldiak irailaren 28an hasiko dira, Udal Liburutegi Zaharreko ekitaldi aretoan, "Zazpi etxe Frantzian" Bernardo Atxagaren azken nobelarekin.

Urriko saioan "Nora ez dakizun hori" aztertuko da, eta bertan izango da liburuaren egilea den Irati Jimenez idazle gaztea. Azarorako, berriz, itzulpen bat hautatu da, Gesualdo Bufalino italiar idazlearen "Gaueko gezurrak". Azkenik, abenduan, aurtengo beste nobedade bat izango da protagonista, Anjel Lertxundiren "Zoaz infernura, laztana".

Liburutegi Nagusiak, euskarazko solasaldiarekin batera gaztelaniazko solasaldia ere antolatzen du, Beatriz Monreal literaturako irakasle eta nobelan adituaren zuzendaritzapean. Hitzaldiak irailaren 29an hasiko dira klasiko bihurtu den Manuel Puigen "La mujer araña" liburuarekin.

Urriaren 27rako aurtengo liburu berri bat hautatu da, "La sociedad literaria y el pastel de piel de patata de Guernsey" izenekoa, Mary Ann Shafferek Annie Borrows bere ilobaren laguntzarekin idatzia. Gutun eleberri honetan Bigarren Mundu Gerraren ondoren Londresen sortu zen irakurketa talde baten sorrera kontatzen da. Azkenik, azaroa eta abenduan, "El informe de Brodeck" liburua, Philippe Claudelek idatzia, eta Carson McCullersen "La balada del café triste" irakurriko dira, hurrenez hurren.

Ernest Lluch Kultur Etxeari dagokionez, eta Jose Luis Canchoren gidaritzapean, jarraian aipatzen diren liburuak irakurriko dira: alde batetik, bi autobiografia, aurten argitaratu den "Un ángel en mi mesa", Janet Frema idazlearena, urriaren 8an; eta Doris Lessingek bere garaian idatzi zuen "Dentro de mí" izenekoa, abenduaren 10ean. Hiruhilekoaren programa Tobias Wolfen "Vieja Escuela" eleberriarekin osatzen da, nahiz eta ez izan autobiografia bere haurtzaroko hainbat gertaeratan oinarritzen den liburua.

Solasaldi guztietarako hautatuak izan diren liburuak Alderdi Eder eta kultur etxeetako liburutegietan daude, etxerako mailegu zerbitzuetan.

Contenido patrocinado