DONOSTIA 12 Dic. (EUROPA PRESS) -
Elgoibarko Makina Erremintaren Eskolak (IMH) bederatzigarren promozioko diplomak banatzeko ekitaldia ospatuko du ostiralean, 18,30etan hasita. Ekitaldian 21 ikaslek jasoko dituzte diplomak eta bertan izango dira Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkatea, Koldo Núñez Betelu eskolako zuzendaria eta Joxean Egaña eskolako zuzendari gerentea. Ekitaldira ikasleen senide, lagun, irakasle eta enpresa tutoreak ere gonbidatuta daude, eta amaieran luntxa eskainiko da.
Ingeniaritza eskola elgoibartarreko iturriek prentsa ohar bidez gaur jakinarazi dutenez, eskolak 12 urte daramatza abiatu zenetik eta merkatuan 300 ingeniari integratuta ditu dagoeneko.
Elgoibarko IMH ingeniaritza eskolak txandakatze sistema erabiltzen du bere ingeniariak prestatzeko, hau da, hiru urteetan zehar enpresan lanean jarduten dute lan kontratuarekin asteko hiru egunetan eta beste bi egun ikasten. Enpresan lana egiten dute adostutako lan-proiektua lantzeko; beraz, trebakuntza amaitzen dutenean ikasleek dagoeneko hiru urteko lan esperientzia bereganatuta dute.