EUSKADI.-Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu du Añanako Zambrana-Herran jauregia (Araba)

Actualizado 2008/03/11 18:05:41 CET

GASTEIZ, 11 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak Añana herri arabarreko Zambrana-Herran jauregia Monumentu izendapenaz Kultur Ondarea kalifikazioarekin babestea erabaki du gaurko bileran. Babes honetan sartu dira Zambrana-Herran jauregia, eraikina bera, eta, bestetik, eraikinaren ingurua, multzo bat osatuz.

Mugaketak jauregiaren izaera bereizgarria babestea eta balioa ematea du helburu, beharrezko ikusi baita Zambrana-Herran sendiaren jauregiaren ingurua eta bista zaintzea ondasuna behar bezala babesteko eta balioa emateko; hala, mugaketa horren bidez, jauregiko inguruak eta eremu funtzionalak babestuko dira.

Zambrana-Herran sendiaren jauregia Gesaltza Añanan dago. Pedro de Zambranak aginduta 1695. urtean eraikitzen hasia, XVII. mendeko jauregi bikaina da, eta haren trazadura kultua (herrian dauden bizitegirako eraikinen artean, soilik Ozpinastarren jauregiak parekatzen duena) erraz nabarmentzen da inguruko eraikinen aldean, konposizioaren kalitateagatik.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Añanako Zambrana-Herran jauregi hau Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitutako Kalifikatutako Kultura Ondasunen Erroldan inskribatuko du eta gaur onartutako Dekretuaren berri Jabego Erregistroari, interesdunei, Añanako Udalari eta Arabako Foru Aldundiko Kultura, Hirigintza eta Ogasun Sailei jakinaraziko zaie.

Aldi berean, Kultura Sailak Añanako Udalari udal-hirigintzako araudia Legeak dion arabera egokitu eta moldatu dezala eskatuko dio eta egokipen hori gauzatu bitartean, Monumentu izendapenaz eragindako eremuan egin beharreko lanak Arabako Foru Aldundiak onartu beharko ditu.