EUSKADI.-Francisco de la Hoz, Ekaitz Agirregoitia, Oroitz Jauregi eta Ane Larrinaga, Euskarazko Tesien KM sarien irabazle

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 13 febrero 2009 18:41

DONOSTIA 13 Feb. (EUROPA PRESS) -

Francisco de la Hoz Mendez, Ekaitz Agirregoitia, Oroitz Jauregi eta Ane Larrinaga izan dira Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Sarien irabazleak, Zientzia Esperimentalen, Osasun Zientzien, Humanitateen eta Gizarte Zientzien modalitateetan, hurrenez hurren.

Hala jakinarazi dute gaur DOnostian eskainitako prentsaurrekoan Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoreak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Jon Irazusta EHUko Euskara errektoreordeak.

Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Sariak bi urterik behin ematen dira eta bost modalitate biltzen ditu, aipaturiko bostak eta aurten saridunik gabe geratu den Ikasketa Teknikoarena hain zuzen ere.

Iñaki Goirizelaiak agerraldian azaldu duenez, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatzen duten sariketara 2005-2006 eta 2006-2007 ikasturteetan egin eta defendatu ziren tesiak aurkeztu dira.

Gainera, Tesi Europarra bezala aurkezturikoak ere onartu dira, baldin eta erabilitako hizkuntza bat euskara izan bada eta aho batez 'cum laude' kalifikazioa lortu badu.

Goirizelaiak gogoratu du urtero 200dik gora tesi aurkezten direla Euskal Herriko Unibertsitatean, eta haietako asko euskaraz eginda daudela azpimarratu du.

Bestalde, Andres Urrutia euskaltzainburuak nabarmendu du Koldo Mitxelena Sariekin "tesi hauek dakarten ekarpen bikoitza" azpimarratu nahi dela, hau da, alde batetik, "eduki zientifikoen zabalkundeari eginiko ekarpena" eta, bestalde, "euskararen normalizazioaren prozesuan duten nahitaezko egitekoa".

Contenido patrocinado