EUSKADI.-Gaurkotasun zientifikoak lekua izango du maiatzean Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean, sona handiko ikertzaileekin

Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 5 mayo 2009 14:00

BILBO 5 May. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak zientziaren dibulgazioa xede duen "Bidebarrieta Zientifikoa" programaren edizio berri bati ekingo dio maiatzean Hitzaldi ziklo honetan, nanoteknologiaren aplikazio harrigarrietatik Antartidako miaketa zientifikoetaraino aztertuko dira, besteak beste, sona handiko ikertzaileen partaidetzarekin.

Jardunaldi hauen bitartez, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak zientziaren garapenarekin zerikusia duten gaiei buruzko eztabaida eta hedapenerako gunea sortu nahi du, euskaraz nahiz gaztelaniaz, prestigiozko adituen gogoetak abiapuntutzat hartuta.

Oraingoan, antolakuntzatik azaldu dutenez, Juan Maria Pitarke fisikaria, Juan Manuel Madariaga kimikaria, Koldo Callado Neuropsikofarmakologiako irakaslea eta Ana Ramos itsas-biologoa izango dira edizio honen programako protagonistak. Hitzaldiak 19:30etatik aurrera izango dira, liburutegi bilbotarreko ekitaldien aretoan. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.

Lehenengo ekitaldia ostegun honetan da, euskaraz eta berehalako itzulpenarekin gaztelerara. Juan María Pitarke (Bilbo, 1960) Materia Kondentsatuko Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) katedraduna arituko da "Nanotzientzia eta nanteknologia: txikiaren erronka handia" gaiaren inguruan.

Pitarkek, CIC Nanoguneko zuzendaria denak, nanomaterien, atomoen eta partikulen ikerketek nolatan laguntzen duten diziplina ezberdinetako garapenetan azalduko du. Honela, zientzia honen ikerketak medikuntzan -minbiziaren kontrako hainbat aurrerapenetako protagonista- edo industria aeroespazialean material berrien sorkuntzari esker egin diren aurrerapenak azalduko ditu. Hitzaldia Aitor Vergara EHUko Fisika irakasleak aurkeztuko du.

Maiatzaren 12an, Juan Manuel Madariaga EHUko Kimika Analitikoko irakasleak sukaldean zientzia honek duen erabilerari buruz hitz egingo du. Bere hitzaldian -"Quimica y fogones: un binomio muy sabroso"-, lehengaiei zaporea areagotzeko osagai kimiko batzuen erabilera azalduko du.

Hirugarren hitzaldian, maiatzaren 20an, Koldo Collado EHUko Farmakologiako irakasleak buruko gaixotasunek sor dezaketen gorabehera biologikoen eta arazo hauek medikuntzaren bidez nola konpondu daitezkeenaren inguruan hitz egingo du. "El cerebro humano: tan perfecto y tan vulnerable" izenburupean, egungo gizartean gero eta presentzia gehiago duten gaixotasun batzuren nondik norakoa azalduko du, hala nola depresioa, eskizofrenia edo adikzioak.

ANTARTIDA

"Bidebarrieta Zientifikoa" maiatzaren 28an bukatuko da Ana Ramos itsas biologoarekin. "Viaje a la Antartida: en los limites de la vida" izenburuko hitzaldian, Ramosek izotzezko kontinentea inguratzen duen ozeano ezezaguna hurbilduko die bertaratutakoei, baina planetako habitat gogorrenetakotzat jotzen den honetan bizirik irautea lortu duten ekosistemak ere.

Ikertzaileak, 1987an Scotiako Arkuko artxipelagoetako hidrozooak arakatzen hiru hilabete eman zituen 'Antartika 8611' proiektuko lan-talde zientifikoko kide bezala lortu zuen esperientzia azalduko du. Gaur egun, Ozeano Antartikoko itsasbarreneko flora eta faunari buruzko proiektuetako ikertzaile nagusia da Vigoko Ozeanografia Zentroan.

"Bidebarrieta Zientifikoa" egitarauak bosgarren edizioa egingo du oraingoan. Urte hauetan guztietan, ikerketa arloko aditu ospetsuak ekarri ditu Bilbo aldera, hala nola Santiago Grisolia, Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiaseko Printzea Sariaren irabazlea; Margarita Salas, Zientzia Ikerketarako Kontseilu Goreneko Ikerketa irakaslea Biologia Molekularrari buruzko Severo Ochoa Zentroan; Pedro Duque, Europar Espazio Agentziako astronauta; Luis Ruiz de Gopegui, urtetan Ontzi Tripulatuen Fresnedillaseko Jarraipen Estazioko zuzendari eta hamar urtez NASAren Espainiako arduradun nagusia izandakoa; edota Javier Armentia, Iruñeko Planetarioko zuzendaria.

Contenido patrocinado