BILBO 3 Nov. (EUROPA PRESS) -
Makinen eta gizakien arteko komunikazioaren gaia sakon jorratu da "Elhuyar Zientzia eta Teknologia" aldizkariaren azaroko zenbakian. Robot batek hitz egiteko zer zailtasun dituen eta makinei hitz egiten nola irakasten zaien aztertzen da, eta hizkuntza prozesatzeko beharrezkoak diren corpus handien inguruko informazioa ematen da. Gainera, zenbait hizkuntzalarik, ingeniarik eta informatikarik makina hiztunak nola egiten diren azalduko dute.
Elhuyar Fundaziotik gaur jakinarazi dutenez, aldizkariaren azaroko alean "Etxe orratzak, non dago muga?" artikulua ere jasotzen da. Burj Dubai amaitzeko azken ukituak egiten ari dira hilabete hauetan. Munduko eraikin altuena da Burj Dubai, 800 metro baino gehiago baititu, eta dagoeneko 1.000 metroak gainditu nahi dituzten hiru proiektu daude munduan.
Bestalde, urriaren hasieran jakin zen nortzuek jasoko dituzten Nobel sariak 2009an. Barack Obama AEBetako presidenteari emandakoak eraman ditu izenburu eta kritika gehienak, baina "Elhuyar Zientzia eta Teknologia" aldizkariak medikuntza edo fisiologiakoaren, fisikakoaren eta kimikakoaren berri jaso du.
Infinituaz ere egiten da gogoeta zenbaki honetan, "Cantor eta infinituaren izua" izeneko artikuluan. Izan ere, infinitua ez da intuizioz uler daitekeen kontzeptu bat, eta intuiziotik haratago joan behar da ulertzen hasteko. Bada, Georg Cantor matematikaria abiatu zen intuizioaz haratagoko bidaia horretan, eta ospitale psikiatriko batean hil zen, garaiko matematikari askoren kritiken artean eta zalantza filosofikoz beteta.
"Elhuyar Zientzia eta Teknologia" aldizkariaren azaroko zenbakia dagoeneko salgai dago liburu-denda nagusietan eta www.elhuyar.org/edizioak webgunean.