DONOSTIA 15 May. (EUROPA PRESS) -
Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak berrikuntzari eta ikaskuntzari buruzko mintegia egin du atzo eta gaur, Danimarkako, Suediako, Erresuma Batuko, Frantziako eta AEBetako izen handiko unibertsitateekin elkarlanean. Bilkura Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean izan da, eta bi egunetan, Orkestrako ikertzaileek eta beste hainbat unibertsitatetakoek (EHU, Madrilgo Konplutensea edo Salamancako Unibertsitatea) aurrera eramaten ari diren proiektuak nazioarteko adituekin eztabaidatzeko aukera izan dute.
Nazioarteko aditu horien artean zeuden, besteak beste, Bengt-Ake Lundvall, Bjorn Johnson eta Jesper Christensen (Aalborgeko Unibertsitatea, Danimarka), Bjorn Asheim (Lundeko Unibertsitatea, Suedia), Philip Cooke (Cardiffeko Unibertsitatea, Gales), Ron Boschma (Utrechteko Unibertsitatea, Herbehereak), Michael Storper (UCLA, Science Po, AEB) edo Edward Lorenz (Nice-Sophia Antipolis Unibertsitatea, Frantzia).
Antolatzaileek azaldu dutenez, topaketak balio izan du, baita ere, berrikuntzaren eta ikaskuntzaren punta-puntako gaietan esperientziak eta jakiteak trukatzeko. Orkestrarentzat "gai gakoak" dira horiek, izan ere, institutuak "EAEko ekonomiak eta gizarteak egin behar duen bigarren eraldaketari lagundu nahi dio lehiakortasunean eragina duten inguruneko funtsezko alderdiak landuz".
Horretarako, hainbat elementu gako identifikatu dira: pertsonen prestakuntza, maila guztietan, bizitza osoan zehar; eragile desberdinen (enpresak, zentro teknologikoak, unibertsitateak, Administrazioa eta abar) esperientzian eta elkarreraginean oinarritutako ikasketa prozesuak kontuan hartzea; eta enpresen barruan antolaketa eredu partehartzaileagoak sustatzea, erakundea osatzen duten pertsona guztien jakintza erabiliko dutenak.
Gainera, lehiakortasuna eskualdean dauden funtsezko jardueretan oinarritzea komeni dela azpimarratu da eta aurrera begira, jarduera berriak ere bilatzea, oraingoekin lotura duten jakintzetan eta teknologietan oinarrituko direnak.
Topaketaren amaierako ekitaldian, ondorio nagusiak aurkeztu dira jendaurrean. Hain zuzen ere, hainbat eragile sozio-ekonomikok aukera izan dute ondorio nagusiak entzuteko eta adituekin zuzenean hitz egiteko.
Ekitaldi horren buru Luis Maria Ulibarri izan da, Innobasqueko Gizarte Berrikuntzaren arloko zuzendari nagusia. Halaber, Davide Parrilli Orkestrako ikertzaile seniorrak, Bengt-Ake Lundvallek, Björn Asheimek eta Edward Lorenzek ere parte hartu dute.
Orkestrako ikertzaileen lanari dagokionez, hizlariek azpimarratu dute goi-mailako ikerkuntza, ikerkuntza hori tokian bertan aplikatzea, eta eragile publiko eta pribatuekin elkarreragina uztartzen direla, eta horregatik, "Orkestra alderdi horretatik erreferentzia zentroetako bat" dela Europan.
Ullibarrik Orkestraren eta Innobasqueren baterako ahalegina azpimarratu du adituek aurkeztutako gaiak EAEn garatzeko eta aplikatzeko, gizarte ongizate handiagoa eskuratzeko, berrikuntza teknologikoaz eta antolaketakoaz baino urrunago.