DONOSTIA, 12 Sep. (EUROPA PRESS) -
Donostiako Zinemaldian haurrek 'Ice Age', 'Piccolo & Saxo' eta 'Irabazleak eta galtzaileak' filmak euskaraz ikusteko aukera izango dute, antolatzaileek gaur ohar baten bidez jakinarazi zutenez.
Haurrak ere Donostia Zinemaldiko protagonista izango dira aurten, neurri handiko zinemarako lehen hurbilketari bide ematen dioten bi ekimenen eskutik. Lehenengoaren bidez, 'Zinerik Handiena Txikientzat', 20.000tik gora haurrek Belodromoan egiten diren goizeko emanaldiez gozatu ahalko dute, horretarako egokitutako pantaila erraldoian 'Ice Age' pelikularen proiekzioarekin.
Modu honetan, Gipuzkoako ikastola eta ikastetxeetako ikasleek duela urte mordoa Donostiako Zinemaldian arrakasta handiz ospatzen den esperientzia paregabe batean esku hartzen dute, 3.000 ikusleentzako lekua duen areto batean neurri aparteko pantailan film batez gozatuz.
Horrez gain, haurrek plana behingoz irauli ahalko dute 'Eraman itzazu gurasoak zinera' ekimenaren bidez. Bigarren ekimen honek familia osoa elkarrekin zinera joatea ahalbidetzen du, euro baten truke, europar ekoizpeneko estreinaldiko filmak ezagutuz. 'Piccolo, Saxo et compagnie' (Piccolo & Saxo) eta 'Vinnare och förlorare' (Irabazleak eta galtzaileak) dira ekimen honen eskutik, irailaren 29an, Antzoki Zaharrean ikus ahal izango dituzten bi pelikulak.
Azaldu zutenez, hiru film hauek euskarara bikoiztutako bertsioan proiektatuko dira eta aurrerantzean Gipuzkoako hainbat herritan banatu ahal izango dira.
Halaber, Belodromoan euskarara bikoiztutako bertsioan estreinatuko da Sarah Robertson eta Adam Ravetchen 'Arctic tale' (Artikoko erregeak) lana, hartz zurien familia bati eta mortsaz osatutako beste bati jarraituz, klima aldaketaren ondorioak kontatzen dituen familiari zuzendutako dokumentala.