EUSKADI.-Zirkulazio-gaixotasunak gizonetan, eta haurduntza eta erditzea emakumeetan, 2007an ospitaleratzeko arrazoi nagusiak EAEn

Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 23 diciembre 2008 14:24

BILBO 23 Dic. (EUROPA PRESS) -

Biztanleriaren osasun-egoera orokorra diagnostikatutako eta ospitaleetan tratatutako gaixotasunen bidez neurturik, 2007. urtean, zirkulazio-sistemaren gaixotasunak izan ziren aurrenak ospitalizazio arrazoien artean gizonentzat eta hirugarrena emakumeentzat Euskal Autonomia Erkidegoan. Emakumeen artean, haurduntza, erditze eta erdiberriaroko gaixotasunen eta nerbio-sistemaren eta zentzumenen organoen gaixotasunak izan ziren arrazoi nagusiak, Eustaten datuen arabera.

Joan den urtean, akutuen ospitaleetan, 297.100 ospitalizazio izan ziren, %48,8 gizonenak eta %51,2 emakumeenak. Ospitalizatutako pertsonen %42,1ek 65 urte edo gehiago zuten.

Ospitalizazio-adinak, batez beste, 57 urtekoak gizonentzat eta 55ekoak emakumeentzat izan ziren. 1.000 biztanleko eta adin-tarte guztietan gizonek alta gehiago izan zituzten, 20-44 urte bitartean izan ezik; haurduntza, erditzea eta erdiberriaroa izan ziren horren eragileak.

Zahartzeak eragindako endekatzea izan zen 65 urte eta gehiagoko pertsonen ospitalizazio-tasa altuen arrazoia; tasa horiek haziz doaz adinarekin, eta 85 urte baino gehiagoko pertsonen artean 1.000 biztanleko 392 da. Zeharo beste aldean, urtebete baino gutxiagoko taldean ere altuak izan ziren tasak, batez ere jaio orduko pisu txikiagatik eta arnas-gaixotasunengatik (bronkitis eta bronkiolitis akutuak).

Patologia sarrienen gainerako taldeen artean, aldeak izan ziren sexuen artean: arnas-gaixotasunak (bronkitis kronikoa, batez ere) eta digestiboak (iztai-etena) ugariagoak izan ziren gizonen artean, eta genitourinarioak, berriz, emakumeen artean.

Ospitaleetan artatutako erikortasun kausak aldatu egin ziren adinarekin. Adin-taldeetan ibiliz gero, 0-14 urteen artean ospitalizazio kausarik ugarienak arnas-gaixotasunak izan ziren (amigdalitisa eta asma); 15-44 urteen artean, emakumeenak haurduntza, erditzea eta erdiberriaroko asalduak, eta gizonenak haustura eta lesioak (erradioa, kubitua eta belauna); 45-64 urteen artean, gizonenak gaixotasun digestiboak (iztaiko etena) eta emakumeenak asaldu osteomuskularrak (belaunean eta oinean), azkenik, 65 urtetik aurrera, gizonenak zirkulazio-gaixotasunak (gutxiegitasun kardiakoa); emakumeenak nerbio-sistema eta zentzumenen organoetakoak (begi-lausoa bereziki).

HERIOTZAK

Ospitalizatutakoen artean, %2,6 hil egin ziren. Gizonen artean maizen gertatutako hiltzeko adina 78 urtekoa izan zen, eta 87koa emakumeen artean. Heriotza-kausa nagusiak tumoreak izan ziren gizonentzat (trakea, bronkioak, birikak) eta zirkulazio gaixotasunak (gutxiegitasun kardiakoa) emakumeentzat.

Pertsona bera behin baino gehiagotan ospitaleratzea eragin zutenen artean ondokoak izan ziren: mantentze-kimioterapia, bronkitis kronikoa (gizonen artean sarriago) eta bihotz-gutxiegitasuna (emakumeen artean sarriago).

2007an ospitaleetan egindako kirurgi prozedura eta interbentzioez, %55,7 emakumeei egin zitzaizkien eta %44,3 gizonei. Emakumeentzako kirurgi jarduera handiagoaren arrazoia erditze inguruko prozedura obstetrikoak dira, hots, emakumeei egindako interbentzioen %21.

Haurduntza eta erditzea bazter utzita, aparatu muskulueskeletikoaren gaineko operazioak lirateke ugarienak, bi sexuentzat. Gainerako interbentzioen artean aparatu digestiboarenak eta kardiobaskularrarenak izan ziren ugarienak gizonen artean eta begi eta azalekoak (titi operazioak) emakumeen artean.

Contenido patrocinado