BILBO, 18 (EUROPA PRESS)
Euskadiko Ama Esnearen Bankua 2017ko urriaren 16an jarri zen martxan eta, harrezkero, 64 amak 200 dohaintza egin dituzte, alegia, 160 litro ama esne eman dira dohaintzan. Bankuak Euskadi guztiari ematen dio zerbitzu, neonatologiako unitateak dituzten sare publikoko ospitaleen bidez (Txagorritxu, Gurutzeta, Basurtu eta Donostia). Esnea jaso, prozesatu eta kalitateko berme guztiekin prestatzen du, hala behar duten jaioberriei emateko, ekipo medikoak adierazita eta modu anonimoan.
Osakidetzak jakinarazi duenez, bankua martxan dagoen lehen zazpi hilabeteotan dohaintzan emandako 62,32 litro hornitu dira. Litro horiekin 700 biberoi prestatu dira eta, horrela, nutrizio eta tratamendu egokiak eman zaizkie jaioberri goiztiarrei edo pisu gutxiegirekin jaiotakoei, ospitaleratuta egon eta beren amak nahikoa esne eman ezin dietenei.
Larunbatean, maiatzaren 19an, Ama Esnea Dohaintzan emateko Nazioarteko Eguna da, eta Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eskerrak eman ditu Euskadiko Ama Esnearen Bankuko 64 euskal ama emaileen ahaleginagatik, denboragatik eta eskuzabaltasunagatik. Ama esnea dohaintzan ematea zer garrantzitsua den nabarmendu du, litro bat esneren bidez hamar haurri lagundu baitakieke.
Osasunaren Munduko Erakundeak, Unicefek eta umeen zaintzan eta elikaduran inplikatuta dauden sozietate zientifikoek ezartzen duten bezala, amaren esnea elikagairik onena da jaioberri batentzat, eta are gehiago haur goiztiarra denean edo pisu gutxikoa, hobeto onartzen dutelako, hesteetako arazo larrietatik babesten dituelako, infekziorako arriskua murrizten delako eta, horrela, errekuperatzeko, bizirik irauteko eta garatzeko aukerak hobetzen direlako.
EMAKUMEEK DOHAINTZA
Osasun sailburuaren hitzetan, hori kontuan hartuta, eta Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak amagandiko edoskitzea sustatzeko eta bultzatzeko duten konpromisoarekin, Euskadiko Ama Esnearen Bankua eratu da. Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan dago, eta haren arrakasta gakoa emakumeen dohaintza da. Gainerako dohaintzetan bezala, nabarmendu du profesionalak ere funtsezkoak direla, beren lana eta inplikazioa ezinbestekoak direlako, emaileak aurkitzeko eta dohaintza horren onurak azaltzeko.
Esnea ematea eskuzabaltasunez egiten da, modu anonimoan, eta boluntarioa eta altruista da. Ez da inolako etekinik jasotzen, eta esne emailea edozein emakume osasuntsu izan daiteke, bizimodu osasuntsua duen edozein, bere haurrari bularra zailtasunik gabe ematen ari dena eta ama aurreko hiru aste eta sei hilabeteen artean izan dena.
Emaile izateko, Euskadiko Ama Esne Bankuarekin jarri behar da harremanetan, astelehenetik ostiralera, 08.00etatik 15.00etara, 94 457 93 75 telefono zenbakiaren edo bancodelecheeuskadi@osakidetza.eus helbide elektronikoaren bidez, edo osasun arloko langileekin kontsultatu, hitzordua ezartzeko profesional batekin. Profesional horrek esnea eman nahi duen emakumeari lagunduko dio bizi ohitura osasuntsuei eta aurrekari medikoei buruzko galdera sorta laburra erantzuten. Bisita horretan, odola aterako diote, transmiti daitekeen gaixotasunik ez duela egiaztatzeko, eta baimen informatua sinatuko da.
Hortik aurrera, emakume esne emaileak esnea emateko behar den material guztia jasoko du, inolako kosturik gabe, bai eta esnea emateko beharrezko informazio guztia ere. Ama emaileak harremanetarako profesionala izango du, laguntzarik beharko balu. Azkenik, ez da beharrezkoa esne kopuru zehatza ematea, ez eta denbora tarte jakin batez ere. Esnea emateari uzteko egin beharko den bakarra da esne bankua ohartarazi.