BILBO 26 Oct. (EUROPA PRESS) -
Kopenhagen (Danimarka) egiten den Womex Nazioarteko Azoka eta Cadizeko (Espainia) Monkey Week indie musikako topaketa asteburu
berean ospatuko dira aurten, eta Euskadiko Soinuak markak bietan parte hartuko du. Triz3ps, Capsula, Elkano Browning Cream, Korrontzi eta Makala izango dira euskal musikaren "enbaxadore", Euskadiko Soinuak programa sustatzen duen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak jakinarazi duenez.
Womex World Music sustraidun musiken nazioarteko azokarik garrantzitsuena da. Aurten, urriaren 26tik 30era ospatuko da eta hirugarren urtez Kopenhage izango du kokagune. Euskadiko Soinuak programak luntx berezi bat egingo du azokan parte hartzen duten profesionalak hurbilarazteko helburuarekin. Nazioarte mailan hain gustoko diren euskal produktuak emango dira dastatzera eta Korrontzi taldeko musikariek beren doinuekin alaituko dute ekitaldia.
Horrez gain, Makala disko-jartzaile zarauztarrak hiru saio berezi eskainiko ditu. Gainera, sektoreko elkarte eta enpresez gain, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria ere izango dira Womexen.
Monkey Week ordea, indie musikara zuzendutako jaialdi eta azoka gaztea da, eta Cadizeko Puerto de Santa Marian ospatzen da. Hirugarren edizioa besterik ez du baina urteko ekimenik onenaren sariak jaso ditu aurreko bietan Notodo eta Musika Independentearen Sarietan. Aurten Womex azokaren data ia berberak ditu, urriaren 28tik 31ra, hain zuzen ere.
Horrela, Euskadiko Soinuak markaren eskutik, Javi P3z musikariaren azken proiektua den Triz3ps, Capsula rock talde bilbotar-argentinarra eta Elkano Browning Cream Mikel Azpirozen taldea izango dira bertan zuzenean.
Horrez gain, Radiation Tours promotora bilbotarrak hip hop, reggae eta dancehall doinuak zabaltzeko eszenatoki berezi bat antolatu du Monkey Week-en. Bertan, Estatuko musika estilo horren izen esanguratsuenetarikoak agertuko dira eta zenbait euskal talde ere izango dira haien artean: Isusko & SBRV, Mad Muasel eta Novato.
Azoka bietan, Euskadiko Soinuak Euskadin ekoizten den musika zabaltzera eta indartzera bideratutako Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren programak stand amankomun batekin parte hartuko du bertaratzen diren Euskadiko enpresek eta elkarteek munduko beste profesionalekin elkartruke zuzenak ahalbidetzeko aukera zabalduz. Era berean, euskal musika eta sektoreko enpresak ezagutzera emateko promoziozko materiala ere banatuko da bertan.