Euskal Herriko 42. Dantza Txapelketa jokatuko da larunbatean, Seguran

Actualizado: viernes, 19 octubre 2018 16:02

DONOSTIA, 19 Oct. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 42. edizioa jokatuko da larunbatean, urriaren 20an, Segurako Maratze pilotalekuan (Gipuzkoa), eta 14 bikote arituko dira, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Jaialdia Izaro Iraetak eta Imanol Artolak gidatuko dute eta gauean izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 22:00etan.

14 bikote arituko dira lehian, eta horietatik hamabi gipuzkoarrak dira: Maider Aginaga-Iker Belintxon (Lezo), Maider Arrieta-Jon Ander Iriondo (Azpeitia), Larraitz Larrañaga-Amets Amubieta (Azpeitia), Idoia Narbaiza-Irati Olaizola (Legazpi), Ane Urruzola-Iker Sanz (Villabona-Lezo), Elaia Elorza-German Aranburu (Azpeitia), Idoia Besada-Xabier Artola (Pasaia-Irura), Saioa Galarraga-Julen Murgiondo (Bergara), Maite Beobide-Mikel Subinas (Azpeitia), Enara Arrizabalaga-Iker Sarasua (Azpeitia-Azkoitia), Laura Bastida-Ekain Uzkudun (Azpeitia) eta Leire Eizmendi-Gorka Kerejeta (Errezil-Azpeitia). Sara Chaves-Gorka Etxeandia bikotea Gasteiztik dator, eta Oihana Dottax-Pierre Latasa Lapurdiko Ainhoa eta Urruñatik.

Zortzi pausoko fandangoa txistuz (Isilkara txistulari taldearen musikarekin) eta arin-arina trikitiaz (Estanga anai-arrebak trikitilarien piezarekin) dantzatuko dute parte hartzaileek. Lau doinu izango dituzte aukeran: bi fandango eta bi arin-arin.

Epaimahaia Euskal Dantzarien Biltzarreko bost adituk osatuko dute: Josu Ibarra, Koro Sarasola, Ander Garitaonaindia, Nahikari Vizuete eta Xabier Mendizabal. Janzkera epaileak, berriz, Ainhoa Mendiburu eta German Nestares izango dira.

Imanol Artola eta Izaro Iraeta aurkezleek Juan Mari Sorazu dantza adituaren laguntza izango dute dantzarien jardunaren inguruan azalpenak emateko. Bestalde, Agustin Ezenarro kazetariak protagonistak elkarrizketatuko ditu.

"KANTA ARINA"

Epaimahaiak erabakia eztabaidatzen duen bitartean, Andoni Aresti dantza eskolako goi mailetako ikasleek "Kanta arina" ikuskizuna eskainiko dute. Andoni Arestik eta Maria Martinek sortutako koreografia da, Roberto Etxebarriaren musika oinarri hartuta.

Dantza emanaldian zuzeneko musikaz arduratuko dira Roberto Etxebarria bera (soinu txikia eta ahotsa), Miren Etxebarria (ahotsa), Idoia Markaida (panderoa), Jose Mari Palacios (kajoia) eta Maria Martin (esku ahurrak).

Bestalde, omenaldia egingo zaio aurten hil den Jesus Mari Garate dantza maisu ordiziarrari. Segurako dantza txapelketari egindako ekarpenagatik esker ona jasoko dute haren alargun Kontxi Naldaizek eta alaba Aizpea Garatek.

Euskal Herriko Dantza Txapelketaren harira, III. Dantza Eguna ospatuko da larunbatean Seguran bertan. Goizeko 11:30ean polka erraldoia dantzatuko da herriko Azpilla taldeak zuzenduta. Ondoren dantza plaza gidatuak egongo dira, Ttipika taldearen eskutik. Herri bazkariaren ostean, Tio Teronen Semeak taldeak "Festamentua" ikuskizuna eskainiko du.