BILBO 27 (EUROPA PRESS)
ZirHika taldeak Euskal Herriko II. Hikadromoa antolatu du Durangoko (Bizkaia) Landako ikastetxean abenduaren 6an, 60. Durangoko Azokarekin bat eginez eta hika hitz egiteko eta ondo pasatzeko asmoz, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, hika dakitenak zein ikasi nahi dutenak daude gonbidatuta, eta euskalkian zein batuan, bakoitzak berean egiteko aukera izango du. Euskal Herriko hikazaleei parte hartzeko deia egin diete, gazteei bereziki.
Iaz bezala, Hikadromoa Bagera euskara elkarteak gidatuko du. Laukoteak osatuta jardungo dute, 15 minutuan behin taldez eta gaiz aldatuz. Iaz 75 lagun bildu ziren eta oso giro polita sortu zen; aurtengo erronka 150 hikazale biltzea da. Izena emateko sareko formularioa prestatu dute: https://forms.gle/PH7h78X76ctsU5jN6
Egitaraua 14:30ean hasiko da, 15:30 arte iraungo duen pintxo janarekin. Hikadromoa 15:30etik 17:00etara egingo da, eta jarraian bertso saioa izango da Amaia Agirrerekin eta Andoni Egañarekin.
Durangoko Azokaren Mintzodromoa gune berrian izango da hikadromoa eta Taupa Mugimenduak Mintzodromoa antolatuko du bertan hurrengo egunean, abenduaren 7an. Azokan hitanoarekin lotutako materiala eskuratzeko aukera ere egongo da, Badihardugu-Ahotsak.eus standean, Artekale 62an, ZirHikak bere lekutxoa izango baitu.
ZirHika taldea Euskal Herriko hainbat tokitako hika eragileek osatzen dute, eta 2023ko azaroan Oñatin (Gipuzkoa) egin zen Euskal Herriko I. Hika Topaketatik sortu zen. Euskal Herriko I. Hikadromoa izan zen ZirHikak antolatu zuen lehen jarduera, iaz.
Euskaraldia Hika ere jarri zuen martxan joan den maiatzean, Tauparekin batera, eta duela gutxi Markina-Xemeinen (Bizkaia) izan den Euskal Herriko II. Hika Topaketa ere bideratu du.