Euskal Herriko mendi-multzoen izenak arautu ditu Euskaltzaindiak

Euskal Herriko mendi-multzoen mapa
EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 16 enero 2026 15:00

BILBO 16 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak Euskal Herri osoko 103 mendi-multzoren izenak jaso ditu 'Euskal Herriko mendi-multzoen izenak' 201. arauan. Euskal Herriko lurrazaleko erliebean identifika daitezkeen mendi-multzo nagusien izenak dira, hain zuzen ere.

Akademiatik jakinarazi dutenez, arauko sarreran, mendi-multzoen izenen ezaugarri nagusiak deskribatzen dira, eta izenak arautzeko erabilitako irizpide nagusiak zehazten. Zehazki, euskal mendi-multzoen izenen tradizioaren berri ematen da, eta mendi-multzoen izaera morfologikoa eta dagozkion izen generikoak zein diren zehazten da jarraian. Azkenik, mendi-multzoen izenen berezitasunak eta aldaerak aipatzen dira.

Ondoren, izenak ematen dira, taula batean zerrendaturik. Lehen zutabean, mendi-multzoak euskaraz identifikatzeko proposatzen diren izenak ageri dira. Mendi-multzo bakoitzerako proposatzen diren aukerak (osoa, hedatua, sinplea) zehar-marraz bereizirik ageri dira.

Bigarren zutabean, mendi-multzo bakoitzari esleitzen zaion generikoa ageri da. Izen generiko hori hizkuntza estandarrari dagokio eta, nolabait, mendi-multzo bakoitzaren sailkapen formala ematen du aditzera. Hirugarren zutabean, mendi-multzoa non dagoen adierazten da: lurraldea.

Zerrendaz gainera, arauak badu Euskal Herriko mapa fisikoa ere, zerrendan ageri diren mendi-multzo guztiak beren kokalekuan adieraziak dituena, erabiltzaileak jakin dezan non dagoen mendi-multzo bakoitza.

Contador

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado