Euskalduntze-alfabetatzea intersekzionalitatearen ikuspegitik aztertuko dute asteartean Bilbon UEUren udako ikastaroetan

Europa Press País Vasco
Publicado: lunes, 1 julio 2024 11:28

BILBO 1 Jul. (EUROPA PRESS) -

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) 'Euskalduntze-alfabetatzea intersekzionalitatearen ikuspegitik' udako ikastaroa eskainiko du asteartean, uztailaren 2an, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Intersekzionalitatea teilakatutako bazterkeria sistemikoak ulertzeko eta aztertzeko tresna analitikoa da, UEUko iturriek jakinarazi dutenez.

UEUren 52. Udako Ikastaroen baitan izango da ekimena, eta 09:00etan hasiko da ongietorriarekin. Lehen hizlaria Igor Odriozola EHEko eta EHGAMeko kidea izango da, eta 'Euskararen egoera intersekzionaletik begiratuta' aztertuko du.

Jarraian, 'Itsuak eta gorrak: bestelako errealitateak' saioan izango dira Aitor Bedialauneta (Euskal Gorrak), Manu Agirre (itsua), Aitziber Balantzategi (AEK-ko Artezkaritza Taldea) eta Entzi Zubiri (Euskara irakaslea eta ikertzailea).

Atsedenaldiaren ondoren, 'Euskara kartzeletan: erresistentzia hizkuntzatik sustraitze bidera' gaia izango dute hizpide Izaskun Barbariasek (euskara teknikaria eta euskara irakasle boluntarioa espetxeetan) eta Uxue Apaolazak (idazlea eta itzultzailea eta AEKko irakaslea eta boluntarioa espetxeetan).

Goizeko saioak bukatzeko, 'Etorri berriak, bestelako funts kulturalak, eleaniztasuna, euskalduntzea eskakizunez harago' gaiaz mintzatuko dira Amaia Herrero (Baskale elkartea) eta Ane Ortega eta Arkaitz Zarraga (EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedra).

Bazkaldu ostean, arratsaldeko egitaraua 15:30ean hasiko da, eta Kattalin Minerrek (ekintzaile transfeminista, kazetaria eta idazlea) eta Joseba Sarrionandiak (idazlea) 'Euskara askatasunerako hizkuntza, periferia guztion hizkuntza' izango dute aztergai.

Jarraian, 'Errelatorea. Egunak eman duenaren kronika' mintzaldia eskainiko du Xabier Alegria Euskara irakasle eta UEUko Glotodidatika taldekideak, eta, azkenik, 'Memoria ariketa etorkizunari begira' euskaraz eskoletan egiteagatik jazarriak edo zigortuak izan ziren umeei omenaldi eta aitortza ekitaldiarekin bukatuko da jardunaldia.

Contenido patrocinado