BIILBO 14 Abr. (EUROPA PRESS) -
Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, bihar antizikloiaren babesean jarraituko dugu eta eguraldi lasaia eta egonkorra izango da. Goizean goiz lanbroa eta behe-lainoa sortuko dira, baina gainontzeko orduetan zeruak oskarbi jarraituko du. Baliteke kantauri isurialdean laino maskalen bat sartzea, baina ez dute garrantzizko ondoriorik ekarriko.
Tenperaturak berdin jarraituko du, eta ordurik epelenetan 15-18 gradura igoko da termometroa. Goizaldean izotz txikia botatzeko arriskua egongo da barnealdean. Hiriburuetan, Bilbon 8 gradu espero dira gutxienez eta 16 gehienez; Iruñean 4 gutxienez eta 15 gehienez; Donostian 7 gutxienez eta 15 gehienez; Gasteizen 1 gutxienez eta 16 gehienez.
Itsasoan, ipar eta ipar-ekialdeko haizeak, 3ko indarrarekin, itsaskirria eragingo du, eta ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu. Uraren tenperatura 14-15 gradukoa da eta ikus-eremua hamar kilometrotik gorakoa izango da. Itsasgorak 00:49an eta 13:23an izango dira, eta itsasbeherak, 7:10ean eta 19:13an.