Euskaltegietan matrikulatzera animatzeko 'Euskaraz bidea eginez' kanpaina abiarazi dute Bilbon

Bilboko Udalak 'Euskaraz bidea eginez' kanpaina jarri du martxan
BILBOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 17 septiembre 2026 12:50

BILBO 17 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak 'Euskaraz bidea eginez' kanpaina jarri du martxan 2026-2027ko ikasturtean hirian dauden 17 euskaltegietan matrikulatzea sustatzeko. Euskara ez dakitenei eta ikasten jarraitu edo hobetu nahi dutenei zuzendutako kanpainaren aurtengo leloak euskara espazio eta egoera guztietan erabiltzen jarraitzera animatu nahi du "gero eta euskaldunagoa den biztanleria baten egunerokoan".

Horrela adierazi du ostegun honetan Eider Inuntziaga Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak hiriko 17 euskaltegietako ordezkariekin batera egindako kanpainaren aurkezpenean.

Udalak gero eta euskaldunagoa den hiri batean aurrera egiteko duen helburuaren ildoan, kanpaina dagoeneko ikusgai dago hiri osoan zehar banatutako euskarrietan. Auzo guztietako bilbotarrek une eta formatu askotan ikusiko dute kanpaina irailean zehar Bilbo osoan, hala nola Bilbobusen autobus eta markesinetan, Bilboko Udalaren sare sozialetan, hedabideetan, barrutietako udaltegietan, kiroldegietan eta ikastetxeetan.

Kanpainak zentro, ordutegi eta mailen eskaintza zabala nabarmentzen ditu, baita Bilboko Udalak urtero ematen dituen ikaskuntzarako "laguntza ekonomiko garrantzitsuak" ere. Hain zuzen, 2026an, herritar guztiei zuzendu dizkie diru laguntza horiek, Bilboko biztanleria guztia euskalduntzeko urratsa egiteko.

Hurrengo baldintza hauek betetzen dituztenek eskatu ahalko dute laguntza: erroldatuta egotea, gutxienez azpimaila bat gainditzea, bertaratzea %60koa izatea eta erakunde publikoekin zorrik ez izatea. Diru poltsa agortu arte emango da laguntza. Iaz 2.095 diru lagntza eman ziren.

Bilbok 17 euskaltegiko sarea dauka eta, ohiko eskola eta ikastaroez gain, kolektibo eta enpresentzako barnetegiak eta berariazko ikastaroak ere eskaintzen ditu.

Contador

Contenido patrocinado