BILBO 19 Ene. (EUROPA PRESS) -
Euskaltzaindiak 795 forma berri jaso ditu bere hiztegian azken sei hilabeteotan (513 sarrera, 199 azpisarrera eta 83 ohiko lexia), eta 1.515 forma zuzendu edo osatu ditu. Eguneratze horrekin, 51.407 forma jasotzen ditu 'Euskaltzaindiaren Hiztegia'-k, 69.364 adiera, 114.002 adibide eta 519 esaera zahar, hain zuzen ere.
Akademiak azken eguneratzean gehitu dituen forma berrien artean daude 'ajoarriero', 'guakamole', 'sueztitu', 'potxa', 'alioli', 'pisto', 'entsalada errusiar', 'gurasokeria', 'erantzukidetasun', 'kakorratz', 'onkeria', 'reggaeton', 'santujale', 'topless' edota 'ziborg'.
Euskaltzaindiak jakinarazi duenez, etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena paperean atera zenetik egiten du horrela, eta 2024ko bigarren seihilekoan egindako lanaren emaitzak jasotzen ditu ostegun honetan sareratu den eguneratzeak.
'Euskaltzaindiaren Hiztegia'-ren erabilera hobetu egin ze 2023an: batetik, bilatzaile berria garatu zen, funtzionalagoa, bilaketa aukera berriak eskaintzen dituena; bestetik, hitzak aurkitzeko bide gehiago ematen ditu orain bilatzaileak eta, beraz, askozaz zehatzagoa da.
Bada, azken eguneraketan, ohi bezala, forma berriak landu dira, baina lehendik dagoenari erreparatzea izaten da maiz lanik garrantzitsuena, Miriam Urkia hiztegiaren arduradunak azaldu duen moduan: "Ohi bezala, forma asko ukitu ditugu, eta lehendik genuena berrantolatu, osatu eta zuzendu dugu. Azken batean, hobekuntza lanetan jarri dugu indarrik handiena, hiztegia etengabe berrikusi behar baita".
Forma berriak ere gehitu zaizkio hiztegiari, batez ere, sukaldaritzari lotutakoak. Urkiaren hitzetan, "forma berriei dagokienez, dagoeneko oinarri sendo samarra dugunez, gero eta espezializatuagoak dira corpusek bueltatzen dizkiguten hitz ezezagunak. Horregatik, lehendik ditugunen adierak osatzeak ere zenbakitan ez, baina eduki finagoan laguntzen du".
"Eta horregatik landu dugu sukaldaritzari lotutako azpicorpus zehatzagoa aurten (EiTB-ko saioak eta 'Berria'-ko atal bereziak abiapuntu gisa hartuta), hutsune handia genuelako gai horretan, eta corpus orokorretan galduta geratzen direlako erabilera horiek modu aski sistematikoan eskuratu ahal izateko", adierazi du.