BILBO 24 Sep. (EUROPA PRESS) -
Euskaltzaindiak "Gramatika emendakinak. Zuberoako euskaraz" liburua sarean jarri du, eta Akademiaren webgunean (www.euskaltzaindia.net) kontsulta daiteke dagoeneko. Liburu hau Euskaltzaindiaren Jagon bildumaren 12. zenbakia da eta Jüje Etxebarnek prestatu du, AEK-ko Xiberoko Gaü Eskola Laminak-ekin elkarlanean. Agosti Aguer, Battita Guiresse eta Beñat Sarasola izan ditu kolaboratzaile.
Akademiatik adierazi dutenez, Xiberoko Gaü Eskolako irakasleak aspaldi konturatu ziren beharrezko zela eskuliburu bat, Zuberoako euskara ikasi nahi dutenentzat. Hortaz, Zuberoako euskararen gramatika da liburua, eta batez ere bere aditz aberatsa lantzeko eskuliburua. Euskaltzaindiak argitaratu zuen, Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzarekin.
Liburua agortuta dago jada, eta orain bertsio elektronikoan eskaintzen du Euskaltzaindiak. Paperezko edizioak zuen eduki bera ematen da, oso-osorik.