BILBO 19 (EUROPA PRESS)
Baionako Herriko Etxeak eta Euskaltzaindiak hiru urterako lankidetza hitzarmena izenpetu dute ostiral honetan, Akademiak abenduko osoko bilkura bertan egin duela aprobetxatuta.
Euskaltzaindiak gogorarazi duenez, bi erakundeen arteko lehen hitzarmena 2012an sinatu zen, eta ordutik lankidetzan jardun dute hastapeneko helburuei tinko eutsiz, hots, Baionan euskara eta euskal kultura indartu, garatu eta gizarteratu.
Bada, besteak beste, hitzarmen berriaren arabera, Euskaltzaindiak laguntza eta aholku emango die Baionako Herriko Etxeari berari eta hiriko biztanleei (bereziki toponimoen hizkuntza egokitasunari dagokionez), eta euskararen estatusari buruzko aholkularitza eta lanak egingo ditu, batez ere jardunaldiak, bilkurak, aurkezpenak eta abar, betiere euskararen aurrerapenerako xedea aintzat harturik.
Bere aldetik, Baionako Herriko Etxeak noizbaiteko beharren arabera sostengu logistikoa emango dio Euskaltzaindiari, bere bilkuren edo ekitaldi berezien antolatzeko eta euskararen eta euskal kulturaren inguruan Herriko Etxeak antolatzen dituen gertakarietan Euskaltzaindiaren presentzia agerian emateko.
Horrez gain, Euskaltzaindiak garatzen dituen jarduerak diruztatzeko konpromisoa ere badago, urtero ematen dion diru laguntzaren bitartez, eta beharrezkoa balitz, aurretik bi parteen artean zedarriztatuko diren proiektu berezituagoen laguntzeko.