Euskaltzaindiak eta Bilboko Udalak urteroko lankidetza hitzarmena sinatu dute

Juan Mari Aburto eta Andres Urrutia
EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 15 diciembre 2025 14:26

BILBO 15 (EUROPA PRESS)

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak Bilbon euskararen erabilera sustatu, bultzatu, hauspotu eta normalizatzeko urteroko lankidetza hitzarmena sinatu dute astelehen honetan. Hitzarmena bi hamarkada luzez norabide berean egindako elkarlanaren isla da.

Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak urtero sinatzen dute hitzarmen hori, hizkuntzaren garapenarekin eta gizarteratzearekin duten konpromisoaren erakusgarri, bi erakundeek nabarmendu dutenez.

"Urtero sinatzen dugun hitzarmen hau estrategikoa da Euskaltzaindiarentzat, besteak beste, Bilbon euskara hauspotzeko eta euskal kulturari lotutako ekimen erakargarriak antolatzeko baliatzen baitugu", adierazi du Andres Urrutiak lankidetza hitzarmena sinatu ostean.

Hitzarmenari esker, hizkuntza aholkularitza zabala ematen dio Akademiak Bilboko Udalari. Gainera, kultur ekimen ugari antolatzen ditu akordioa baliatuz; esaterako, aurten Gabriel Aresti poeta bilbotarraren heriotzaren 50. urteurrenaren kariaz, urtemugarekin lotutako egitarau zabala antolatu du Euskaltzaindiak, elkarte eta herri erakundeekin batera.

Ekainean hasita gaurdaino, askotarikoak izan dira Akademiak antolatu dituen egitasmoak, tartean, Bilboko Udalak lagundu dituenak: EHUko Uda Ikastaroen barruan, 'Gabriel Aresti 1975-2025' uda ikastaroa; Guggenheimen, 'Aresti Gogoan' musika emanaldia, Bilboko Koral Elkartearekin lankidetzan; 'Gabriel Arestiren mandatua' liburuaren argitaratzea; 'Euskal idazleak G. Arestiren ispiluan barrena' literatura-jardunaldia eta 'Galda' bildumaren aurkezpena, Mikel Martinezen antzerki saioa eta Eñaut Elorrietaren musika emanaldia.

Gainera, euskararen arloan Bilbon lanean diharduten euskara irakasle, euskara teknikari, itzultzaile, trebatzaile eta arduradun politikoen prestakuntza hobetzeko, euskararen ahoskerari buruzko prestakuntza saio bat eskaini zen urrian.

Era berea, Lautan Hiru antzerki-jaialdiaren zazpigarren edizioa antolatu zuen Akademiak otsailean, ohi duen legez, Bilboko Zazpikaleetako eragileekin batera (Tartean konpainia, 7Katu Gaztetxea eta BIRA Kultura), eta zortzi ikuskizun eman ziren otsailaren 6an, 13an, 20an eta 27an.

Formatu txikiko lanak erakusten dira Lautan Hirun, gazteen artean sormena, euskararen erabilera eta euskarazko kultur kontsumoa indartzeko. Euskarazko antzerki sorkuntza zein ekoizpena sustatzeko laguntza berezia eman da bosgarren aldiz, azken hau ere Bilboko Udalaren laguntzaz.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado