BILBO 16 (EUROPA PRESS)
Euskaltzaindiak azken sei hilabeteotako eguneratzea egin du Hiztegian, ohi duen legez, eta, oraingoan, 603 forma berri jaso eta 2.359 berrikusi dira, horien artean 1.057 adiera berri. 3.630 adibide berri ere jaso dira. Eguneratzearekin, 53.142 forma, 72.035 adiera eta 122.209 adibide jasotzen ditu orain Euskaltzaindiaren Hiztegiak.
Euskararen Akademiak jakinarazi duenez, forma berriei dagokionez, aurreko eguneratzeetan abian jarritako DBH mailako testuliburuen saila bukatu du Hiztegiaren lantaldeak, euskara eta literatura, fisika eta kimika, matematika eta teknologia gaiak landuta. Lanbide heziketako lexikoa ere osatu da.
Ildo honetan, Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiaren zuzendariak gogorarazi duenez, "irakasmunduari lotutako atala bukatu dugu. Garrantzi handikoa da maila horietako hitzak aztertzea, baina ez hori bakarrik: ikasleek horien definizioak eta erabileran lagunduko duten adibideak eskura izatea ezinbestekoa da hiztegia baliagarri izango bazaie".
"Baina, orain arte jasotakoa ere etengabe berrikusten dugu, egungo beharretara egokitu, eta horrek ez du etenik. Adibideetan indar handia jarri ohi dugu", gaineratu du.
Azkenik, Euskaltzaindiak argitaratu berri duen 203. arauko (Zenbakizko adierazpenak) erabakiak ere aplikatu dira definizioetan eta adibideetan.