Euskaltzaletasunera "lerratzera" deitu die Kontseiluak instituzioei eta gizarteari

Kontseiluaren agerraldia Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan
EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 2 diciembre 2025 13:08

BILBO 2 (EUROPA PRESS)

Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten euskararen aldeko gizarte eragileen ordezkariek adierazpen bateratua irakurri dute astearte honetan Bilbon, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan, eta, besteak beste, euskaltzaletasunera "lerratzera" deitu die instituzioei eta gizarteari.

Idurre Eskisabel Larrañaga Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak izan da adierazpena irakurtzeko areduraduna, eta "euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuak bizi duen kinka larriaren irakurketa eta hura gainditzeko bidearen proposamena" azaldu ditu.

Iazko Euskararen Egunaren testuinguruan adierazitako larrialdi linguistikoaren diagnostikoa berrestearekin batera, euskararen biziberritze prozesuaren "erronka nagusiak" zerrendatu ditu Kontseiluak, larrialditik indarraldira bidea martxan jartzeko adierazitako konpromisotik abiatuta: hizkuntza politiketan jauzi bat bultzatzea, eta euskaltzaletasuna indartzea.

Horrela, lehenengoari dagokionez, Kontseiluak irailean aurkeztu zuen "adostasun zabaleko Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza, hizkuntza politiketan luzamendurik gabe eman beharreko jauzia edukiz betetzen duen proposamena", erakunde publikoei, indar politikoei eta eragile sozialei zuzendua.

Euskaltzaletasunaren aktibazioari dagokionez, norbanakoei zuzenduta, euskaltzaletasuna eta euskararen aldeko ekimenak bultzatzeko deia egin du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Ildo horretan, abenduaren 27an Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du, "pizkunde berri baten lehen txinparta bihur dadin". Ekitaldiaren informazioa, egitaraua eta sarrerak www.pizkundea.eus atarian daude.

Azkenik, Kontseiluak erakundeekin elkarlanean jarraitzeko borondatea azaldu du, eta adierazi euskarari etorkizuna emateko "ezinbestekoak" direla "euskalgintzak metatutako ezagutza, giza kapitala eta engaiamendua". Bada, erakundeei aitortza hori egitea eskatu die.

Contenido patrocinado