BILBO 2 Ago. (EUROPA PRESS) -
Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak, HABEk eta Bizkaiko euskaltegi sareak laugarren urtez jarri dute abian 'Euskara Eskura Txartela' programa. Deskontua egiteko bonu bat da, eta eskuratzen dutenek 2020-2021 ikasturteko matrikula egitean erabil dezakete, programari atxiki zaizkion euskaltegietan eta autoikaskuntzarako zentro homologatuetan.
Proiektua abian jartzeko 400.000 euroko aurrekontu saila onartu du Bizkaiko Aldundiak, "konpromisoa hartua baitu euskara ikasteko ahalegina egiten duten pertsonei lagunduko dieten neurriak hartzeko eta, horrela, pertsona horiek animatzeko euskara ikasten jarrai dezaten harik eta ezaguera maila nahikoa duten arte euskaraz hitz egiteko nahi duten guztietan".
Bizkaian erroldatutako pertsonentzat izango da bonua, baldin eta egiaztatzen badute A1, A2, B1 edota B2 mailak gainditu dituztela 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 30era bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak astearte honetan iragarri duenez.
Bonuak izendunak eta besterenezinak izango dira, eta lau kategoriatan sailkatuko dira. A1 motakoak deskontu bonurako eskubidea emango die maila hori gainditzen dutenei, baldin eta ekimenean parte hartzen badute; gehienez, 150 eurokoa izango da bonua. A2 motakoak deskontu bonurako eskubidea emango die maila hori gainditzen dutenei, baldin eta ekimenean parte hartzen badute; gehienez, 200 eurokoa izango da bonua.
B1 motakoak ere deskontu bonurako eskubidea emango die maila hori gainditzen dutenei, baldin eta ekimenean parte hartzen badute, eta gehienez 300 eurokoa izango da. Azkenik, B2 motakoak deskontu bonurako eskubidea emango die maila hori gainditzen dutenei, baldin eta ekimenean parte hartzen badute; gehienez, 400 eurokoa izango da.
'Euskara Eskura Txartela' programako bonu guztiak dira metagarriak, hau da, ikasle batek maila bat baino gehiago gainditu eta egiaztatu badu hitzarmenean ezarririko epeetan, eskubidea izango du lorturiko bonu bakoitzari eman dakiokeen zenbatekoen batura jasotzeko deskontu modura. Dena dela, ezingo du gainditu dagokion matrikularen zenbatekoa, alegia, ez da onartuko gainfinantzaketarik.
Bonuen kanpaina bakarrik aplikatuko zaie ikasleei matrikula egiten badute 2020-2021 ikasturtean programari atxikitako euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentroetan, eta urriaren 16a baino lehen egin beharko dute matrikula; barnetegi iraunkorretakoek, berriz, azaroaren 4a baino lehen. Beraz, deskontu bonua jaso arren, ez badute egiten 2020-2021 ikasturteko matrikularik epeon barruan, ez dute eskubiderik izango dagokien zenbatekoaren likidazioa egiteko.
WEB ORRIA
Bizkaiko Foru Aldundiak beren-beregi gaitutako web orri baten bitartez parte hartuko dute ikasleek programan. Dagokionean egingo da web orriaren publizitatea eta emango zaie haren berri HABEri eta programan parte hartzen duten euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei.
Behin 2020-2021 ikasturteko matrikularako 'Euskara Eskura Txartela' bonuak aurkezturik, Bizkaiko Aldundiak berak tramitatuko ditu deskontuen ordainketak kasuan-kasuan dagokion euskaltegiarekin edo autoikaskuntzarako zentro homologatuarekin.
Abuztuaren 7 arte egongo da zabalik 'Euskara Eskura Txartela' programan izena emateko epea, eta Bizkaiko Aldundiaren webgunean tramitatu behar dira eskabideak, http://web.bizkaia.eus/eu/-/euskara-eskura-txartela web orrian.