Euskara euskal kulturaren ondare bizi gisa aitortzeko espedientea abiatu du Jaurlaritzak

Archivo - Imanol Pradales 'Jauzia gara' ekitaldian
EUROPA PRESS - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 16 septiembre 2026 12:52

BILBO 16 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak euskara kultura-ondare immaterialaren hedatzaile gisa aitortzeko espedientea jarri du martxan. Prozeduraren helburua euskara Babes Bereziko Kultur Ondasun Immaterial izendatzea da, eta ebazpena datorren astean argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Jaurlaritzaren arabera, izendapenak euskarari "prestigio handiagoa eta aitortza juridiko eta administratibo sendoagoa" emango lioke, "euskal kulturaren transmisiorako duen funtsezko eginkizuna ondarearen ikuspegitik ere aitortuz".

"Aitortza honen gakoa ez da euskara hizkuntza gisa soilik aitortzea, baizik eta euskarak euskal kultura sortu, transmititu eta birsortzeko duen gaitasuna aitortzea. Hau da, euskararen bidez belaunaldiz belaunaldi transmititzen den kultura-ondarea ere aitortzea", azaldu du.

Jaurlaritzak naabarmendu du euskararen bidez belaunaldiz belaunaldi transmititu direla memoria, ezagutzak, ohiturak eta mundua ulertzeko moduak, eta horren adibide direla bertsolaritza, toponimia, abestiak, atsotitzak eta herri kontakizunak, jaiak, gastronomia, musika, dantza eta lurraldearekin lotutako ezagutzak. "Horrela, euskara ez da komunikazio tresna hutsa: kultura baten adierazpide eta transmisio bide ere bada", gaineratu du.

Lakuako Gobernuak nabarmendu du ondare kulturala ez dela "iragana bere horretan kontserbatzea, iraganari etorkizuna ematea baizik: jasotzen dena bizi, berritu eta hurrengo belaunaldiei transmititzea".

Ondare immaterialaren kasuan, komunitatea da ondarearen euskarri. "Komunitate eramaileak" euskara eta euskarak hedatzen duen kultura ezagutu, erabili eta transmititzen du; "komunitate bibranteak edo biziak", berriz, ondare hori bizi, sentitu eta jasotzen du. "Bi komunitate horien arteko transmisioan mantentzen da ondarea bizirik", dio Jaurlaritzak.

Prozeduraren oinarri juridikoa Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legea da. Kategoria berean dago bertsolaritza, 2024an Euskadin Babes Bereziko Kultura Ondasun Immaterial izendatu zen lehen ondare elementua. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, informazio publiko eta entzunaldirako 20 eguneko epea irekiko da. Epe hori amaituta, espedienteak izapidetzen jarraituko du, behin betiko izendapena Jaurlaritzaren gobernu kontseiluaren dekretu bidez onartu arte.

Contador

Contenido patrocinado