Euskara unibertsitateetako komunikazioaren ardatz bihurtzera deitu dute EAEko unibertsitateek

Archivo - EHU
IREKIA - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 2 diciembre 2025 12:19

BILBO 2 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) unibertsitate sistema osatzen duten Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Mondragon Unibertsitateak, Deustuko Unibertstateak eta EUNEIZ unibertsitateak adierazpen bateratua kaleratu dute abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, eta euskara unibertsitateetako komunikazioaren ardatz bihurtzera deitu dute.

Unibertsitateok nabarmendu dutenez, abenduaren 3a "euskararen inguruko kontzientzia irabazteko eguna" izan behar da, "non gauden eta norantz joan nahi dugun pentsatzeko, ezinbestekoa delako nondik gatozen gogoratzea".

Horregatik, EAEko unibertsitate sistemako unibertsitateok "euskara gure ikasgela eta ikerguneetara iristea posible egin duten pertsonen lan nekaezina" aitortu dute.

"Milaka gurasoren kontzientzia eta transmisio lana, euskaltegien eginkizun ezinbestekoa, eragile soziokulturalen ekarpena, eta erakundeek nahiz herri mugimenduek hezkuntza sistema euskalduntzeko egindako lanak ahalbidetu du mende erdi batean euskaldunen komunitateak ehunka mila hiztun berri izatea", adierazi dute.

Era berean, gogorarazi dute euskaldunek aurre egin dietela "errepresioari eta zentsurari, gutxiespenari eta debekuei", eta lortu dutela "industrializazioaren, migrazioaren zein digitalizazioaren desafioei erantzutea, gizartearen unean uneko testuingurura eta beharretara egokitzea".

"Eta, garrantzitsuena, bizikidetzarako, heziketarako, lan mundurako, dibertsiorako, helburu komertzialetarako, munduko mapan kokatzeko, nahiz zientzia egiteko gaitasuna erakutsi du euskarak. Irabazi du lekua akademian eta zientzian", gaineratu dute.

Orobat, euskal unibertsitateak euskararen garapenaren eta transmisioaren haria ez eteteko "funtsezkoak" direla ziurtatu dute, eta "erantzukizun saihestezina" dutela konpromiso hori indartzeko.

Ildo horretan, gogorarazi dute unibertsitateetako kolektibo guztietan (ikasle, irakasle-ikertzaile zein administrazio eta zerbitzuetako langileak) handiagoa dela euskaldunen portzentajea gizarte osoan baino, eta, beraz, "baliatu" egin behar dutela.

ELKARGUNEAK

Gainera, nabarmendu dute eremu soziolinguistiko desberdinetako euskaldunen elkarguneak direla unibertsitateak, "euskara erabiltzeko aukera gutxiago dutenen egoerak konpentsatzeko lagundu dezaketenak".

"Edozein hizkuntzatan, unibertsitatean garatzen dira komunikazio gaitasunak, bereziki, komunikazio formalerako eta komunikazio espezializaturako gaitasunak. Hortaz, unibertsitateok eragile aktibo izan behar dugu denetariko profesional euskaldunak prestatzeko, hizkuntza gaitasun gorenak eta kontzientzia soziolinguistiko sendoa dutenak, lan esparrura sartzen diren profesionalen hizkuntza euskara ere izan dadin", azaldu dute.

Orobat, kanpotik datozen ikasle eta ikertzaileei ere "harrera linguistiko egokia" egin behar dietela adierazi dute, "hasieratik bertatik gure unibertsitatean eta gure gizartean euskarak duen garrantziaren berri emateko eta euskara ikasteko eta erabiltzeko aukera erosoak eskaintzeko".

"Euskara gurean errotzeko eta ikerketa egiteko tresna paregabea dela sentiarazi behar diegu bertan prestatzen diren profesional eta ikertzaileei eta bai kanpotik datozenei ere. Horrela lortuko dugu talentuari eustea", gaineratu dute.

Era berean, unibertsitatea "euskara bera ikertzeko gunea" dela gogorarazi dute, hau da, euskararen historia, gramatika, diskurtsoa, erregistroen garapena, bilakaera soziolinguistikoa edo literatura ikertzekoa. Euskara hizkuntza teknologietatik kanpo ez geratzeko "nahitaezko ikerketa egiteko gunea" ere badela ziurtatu dute.

OSPATU ETA BALIATU

Horregatik guztiagatik, EAEko unibertsitate sistemako unibertsitateek Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzera eta baliatzera deitu dute, bai eta aurrekoek egindako ahaleginak eta lorpenak balioetsi eta eskertzera eta "katea ez hausteko dugun erantzukizunari" eustera.

"Trinkotu eta saretu dezagun euskararen komunitatea. Har ditzagun besoak zabalik euskaldun etorri berriak, eta lagundu diezaiegun bertan errotzen, komunitatearen parte sentiarazten. Segi dezagun euskara alorrez alor lantzen eta garatzen", esan dute.

Halaber, unibertsitateetan zerbitzu eta lan hizkuntza modura "euskara indartzen eta sendotzen" jarraitzeko eskatu dute, eta, bereziki, "instrukzio hizkuntza eta jakintza garatzeko hizkuntza modura".

"Erabil dezagun euskara, eta bihur dezagun gure unibertsitateetako komunikazioaren ardatz, beste hizkuntzekiko elkarbizitza duina eta eleaniztasun harmonikoa jomugan. Ikasi, irakatsi, hitz egin, lan egin, eta bizi gaitezen euskaraz. Unibertsitateok euskararen indargune izan gaitezen", gaineratu dute.

Contenido patrocinado