Euskarabildua jardunaldia urriaren 27an egingo da Donostian 'Adimen Artifiziala Herriaren Zerbitzura' izenburupean

Euskarabildua jardunaldiaren aurkezpena
EUSKARABILDUA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 7 octubre 2026 13:14

DONOSTIA 7 (EUROPA PRESS)

Iametzak, Argiak eta Ametzagaiñak elkarlanean antolatzen duten Euskarabildua jardunaldiaren 15. edizioa urriaren 27an egingo da Donostiako San Telmo Museoan, 'Adimen Artifiziala Herriaren Zerbitzura' izenburupean, eta Euskal Herrian adimen artifizial burujabeagoa nola lortu aztertuko du, euskal ekosistemari begira jarri eta azpiegiturak, eredu libreak, datuak eta aplikazioak aztertuz.

Antolatzaileek aurkezpenean azaldu dutenez, Euskarabildua jardunaldiaren helburua teknologiari buruzko dibulgazioa egitea da, euskarari bereziki erreparatuz eta teknologia burujabetzan begirada jarriz.

"2026. urtean teknologiari buruz hitz egitea, hein handi batean, adimen artifizialari buruz hitz egitea da, LLM ereduei eta bestelako eredu neuronalei buruz. Eta testuinguru horretan galdera nagusi bat egin behar dugu: nola lortu teknologia burujabetza algoritmoen eta datuen aro honetan?", adierazi dute.

Horretarako, Euskal Herriko ekosistemari begira jarriko da topaketa, azpiegiturak, eredu libreak, datuak eta aplikazioak aztertuz. Hala, aurtengo edizioaren jomuga bikoitza da. Alde batetik, herri ikuspegia ardatz, ahalik eta herri burujabetza handiena garatzearen beharraz ohartarazi nahi da, eta, bestetik, "Euskal Herriko ekosistema saretu eta elkartu, balio kate osoak elkar ezagutu dezan, ikerketa zentroak, unibertsitateak, enpresak eta erabiltzaileak".

"Xedea da adimen artifizialaren ahalik eta erabilera etikoena egitea, plataforma handiekiko menpekotasuna ahalik eta gehien murriztea eta gure teknologiaren eta datuen gaineko kontrola izatea. Horrela soilik emango diogu teknologiari euskaratik eta Euskal Herritik definitutako mundu ikuskera. Izan ere, burujabetza ez da soilik 'makinak erostea', baizik eta dauden azpiegitura horien gainean herri gisa saretzea", azaldu dute.

Eguneko egitarauak hainbat hitzaldi eta mahai inguru izango ditu. Jardunaldiaren hasieran, 'AA ekosistema burujaberantz" izeneko sarrera egingo du Eli Pombo Iametzako kudeatzaile orokorrak. Ondoren, Steen Rasmussen zientzialariak deszentralizazioa eta adimen artifizial burujabea izango ditu hizpide, ingelesez.

Azpiegituren inguruko mahai inguruan, 'AAk beharrezkoa duen azpiegitura. Euskal Herrian zer baliabide ditugu?' galderari erantzuten saiatuko dira Alex Etxeberria (aDI Data Center Euskadi), Alexis Guirle (Izarralde), Iratxe Montoya (EJIE), Aran Garcia Lekue (DIPC) eta Izaskun Echeverria (Nasertic). Aurretik, German Rigau Hitz Zentroko zuzendariordeak ikerketa, produkzioa eta AA Factory-en inguruko sarrera egingo du.

Beste mahai inguruetako batek euskaratik sortutako adimen artifizial eleanitza, eredu libreak eta datuak izango ditu ardatz. Bertan izango dira Eneko Agirre (EHUko Hitz Zentroa), Itziar Cortes (Elhuyar) eta Leire Barañano (Euskorpora).

EUSKAL PROIEKTU ETA APLIKAZIOAK

Jardunaldiaren bigarren zatian, adimen artifizialaren aplikazio praktikoak eta Euskal Herrian garatzen ari diren proiektuak ezagutaraziko dira; besteak beste, BAAI.EUS euskarazko web sortzaile adimenduna, barne dokumentazioaren kudeaketa Nextcloud eta adimen artifiziala erabiliz Ametzagaiña Bira kooperatibarekin lantzen ari den proiektua, eta 'Ilenia' eta 'Alia' egitasmoetako erakusgarriak aurkeztuko dira.

Horrez gain, Euskal Herriko Online Lanbide Heziketan adimen artifizial burujabea txertatzeko esperientzia azalduko du Mikel Aldalur BirtLHko IKT teknikariak.

Horrela, Euskarabilduaren 2026ko edizioak eztabaida teorikoa eta esperientzia praktikoak uztartu nahi ditu, euskaratik eta Euskal Herritik adimen artifizialaren inguruko ekosistema burujabe, etiko eta saretua eraikitzeko bideak aztertuz.

Antolatzaileek azaldu dute dagoeneko Donostiako San Telmo Museoko aretoa txiki geratu dela. Bada, itxaron zerrenda aktibatu dute, eta hemendik eta urriaren 27ra arte, aretoaren edukiera kudeatuko dute. Hala ere, aurreko edizioetan bezala, EITBk 'streaming' bidez emango du jardunaldia.

Contador

Contenido patrocinado