BILBO 24 (EUROPA PRESS)
Arnasa Gara ekimenak Arnasetik bideosormen lehiaketaren laugarren edizioa antolatu du aurten euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena eta hizkuntza ohituren eta herrien inguruan gogoeta pizteko, eta guztira 205 lan jaso dira.
UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da Arnas Gara, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmentzeko, bere arduradunek gogorarazi dutenez.
Arnasetik lehiaketa euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasleei eta arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei zuzenduta dago. Haien egitekoa izan da, bi minutuko ikus-entzuneko lanen bidez, euskarari lotutako istorioak kontatzea, eskatutako erronkari erantzunez.
Lehiaketa adinaren araberako hiru kategoriatan banatzen da, eta kategoria bakoitzean, erronka ezberdinei erantzuna emateko bideoak aurkeztu dituzte gazteek.
Horrela, LH 5. eta 6. mailetako ikasleek gurasoek eta aitona-amonek herrian esaten zituzten esamoldeak bilatu eta gaur egungo baliokideak aurkitu edo asmatu dituzte; DBH 1. eta 2. mailetako ikasleak arnasgune batean sartzeko 'casting' batera aurkeztu eta ia dena euskaraz egin daitekeen herri batean bizitzeko arrazoi nagusiak azaldu dituzte; DBH 3. eta 4. mailetako ikasleek, azkenik, pentsatu dute zer sumatuko zuten gehien faltan haien herria uztekotan.
Bada, esan bezala, 205 sormen lan jaso eta guztira 35 udalerri ordezkatu dira aurtengo edizioan. Sari banaketa ostegunean izango da, azaroaren 27an, Leitzako (Nafarroa) Herri Aretoan, Maria Blancok eta Malen Altunak aurkeztuta, 18:00etan hasita. Amaieran luntxa eskainiko da.
BOST SARI
Orotara, bost sari banatuko dira. Kategoria bakoitzean, epaimahaiak hautatutako lanik onenak 500 euroko saria izango du (guztira hiru). Horrez gain, balio bereko publikoaren saria ere banatuko da, bozketa bidez hautatua.
Besteak beste, IrriSarri Land, Gure Zirkua, Durangoko Azoka, ihes gela desberdinetarako sarrerak edo EITBko 'Goazen!' eta 'Irabazi Arte!' telesailen produktuetan edo ikas-bidaian gastatzeko bonuak izango dira sariak. Gainera, Leitzako Udalak herriko lan bat saritu nahi izan du bosgarren sari bat eskainiz.
Arnasetik bideo lehiaketa Arnasa Gara proiektuaren barruan kokatzen da. UEMA, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak sustatutako proiektua da eta arnasgune diren udalerriei dagokien aitortza egitea eta bertako herritarrak ahalduntzea du xede.
Hiztun komunitate sendo bati esker, euskaraz modu naturalean bizi daitezkeen udalerriek dute arnasgune izendapena. Bada, Arnasa Gara kanpainak balioan jarri nahi ditu herriok, eta aitorpena adierazi nahi die urteetan euskararen ongizatearen alde izandako jarrerarengatik.