Euskararen aurkako "oldarraldi judiziala" eremu berrietara zabaltzen ari dela ohartarazi du Kontseiluak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza, Bilbon
EUROPA PRESS
Actualizado: jueves, 30 marzo 2023 11:05

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Euskalgintzaren Kontseiluak ohartarazi du euskararen aurkako "oldarraldi judiziala" eremu berrietara zabaltzen ari dela, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Justizia Auzitegi Nagusiak euskararen normalizazioaren aurkako beste epai bat eman ondoren, oraingoan Bizkaiko eskola garraioarekin lotutakoa.

Hain zuzen, asteartean egin zen publiko otsailaren 17an EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren aurkako sententzia bat kaleratu zuela, Bizkaiko ikastetxe publikoetarako eskola garraiorako esleipen bateko baldintzetan euskarari lotutako puntu bat baliogabetuz. Zehazki, kontratazio publiko batean enpresa pribatuari administrazioarekin euskaraz harremantzeko baldintza "inposizio bat" dela argudiatu du auzitegiak.

Kontseiluak "oso larritzat" jo du epaia, "administrazio publikoek euskaraz funtzionatu ahal izatearen aurka jotzen baitu bete-betean, 'de facto' gazteleraz funtzionatzea inposatuz". "Ebazpen isolatu bat izatetik urrun, lanpostu publikoetan hizkuntza eskakizunak auzitan jarri ondoren, euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldi judizialaren urrats berri baten aurrean gaude. Izan ere, azken urteetan jaso diren sententziak eremuz eremu euskaraz bizitzeko espazioak murrizten ari dira, herritarren eskubideak zuzenean edo zeharka kaltetuz", salatu du.

Kontseiluak aspalditik defendatu du kontratazioetan hizkuntza klausulek duten garrantzia, egun gaztelera nagusi den administrazioa eta zerbitzu publikoak euskalduntzeko urrats gisa, baina, "tamalez, ikusten ari garenez, euskararen biziberritzean eta normalizazioaren alde hartzen den neurri bakoitzeko, epaileak agertzen dira herritarron eskubideak are gehiago murrizteko".

"Euskara hizkuntza ofiziala izanik, administrazioarekin hitzarmen bat dagoen momentuan, honek harremana euskaraz egin dadila arautzeko eskumen osoa du. Izan ere, zerbitzu publiko bat emango duten enpresek ez dituzte herritarrei dagozkien eskubide berberak, eskubideak herritarrei dagozkielako eta ez enpresei", azaldu du.

Beraz, Kontseiluaren iritziz, zerbitzu publikoa esleitzeko lehiaketa batean, enpresa pribatuei administrazioarekin harremantzerakoan gutxieneko euskara ezagutzak izango dituen langilea bermatu dezatela eskatzeak "ez dizkio inongo herritarri, ez langileri, eskubideak urratzen".

Aldiz, eskola garraio zerbitzua Bizkaiko ikastetxe publikoetarako izanik (kasu askotan D eredukoak), ikastetxeen hizkuntza irizpideak urratzeaz gaindi, zerbitzu publikoa jasoko duten herritarren hizkuntza eskubideak ere urratzeko arriskua egon daitekeela ere ohartarazi du.

ESTRATEGIA BAT

Azkenik, Kontseiluak ziurtatu du epai berriak frogatzen duela "sententzia bidez hizkuntza politika diseinatu eta mugatzeko botere judizialaren estrategia baten aurrean gaudela".

"Beste behin, administrazio publikoaren hizkuntza politikarako eskumenaren aurkako erabaki baten aurrean gaude. Beste behin, epaileak ari zaizkigu hizkuntza politika egiten. Beste behin, botere judiziala euskararen normalizazioaren aurkako erabakiak ezartzen ari zaigu herritarroi", salatu du.

Hori dela eta, Kontseiluak "batasunetik erantzuteko deia" egin die berdintasun eta kohesio sozialaren alde dauden eragile politiko eta sozial guztiei, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari babesa agertu dio ebazpenari errekurtsoa aurkez diezaion.