BILBO 6 (EUROPA PRESS)
ELA eta LAB sindikatuek eta Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, jende ugari bildu da ostiral honetan Bilboko Foru Jauregiaren aurrean, 'Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat' lelopean, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen lan deialdi bat bertan behera uzteko erabakia berretsi ondoren, euskara eskakizuna "gehiegizkoa" dela argudiatuta. Hiru erakundeek epaia salatu dute, "euskararen aurkako oldarraldi judizialaren beste urrats gisa".
Euskalgintzaren Kontseilutik azaldu duetnez, auzia gizarte integrazioko goi mailako teknikarien hogei lanpostuko deialdiari dagokio, eta horietatik hemezortzitan C1 maila eskatzen zen. Bilboko epaitegi batek 2025eko amaieran bertan behera utzi zuen deialdia, eta EAEko Auzitegi Nagusiak ebazpena berretsi du orain.
Bada, elkarretaratzean, ELAk, LABek eta Kontseiluak adierazpen bateratua irakurri dute. Erakundeon ustez, sententziaz sententzia, botere judiziala "euskararen ofizialtasuna bera deseraikitzen ari da". "GUFEren aurkako jatorrizko sententzian bertan aitortzen da euskaraz artatua izatea eskatzen duten herritarren herenari bere hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen zaizkiola, eta gaztelaniaz aritzera behartzen zaiola. Hala ere, urraketa horiek murrizten lagunduko zuen lan deialdia bertan behera utzi du epaileak", salatu dute.
Era berean, adierazpenean nabarmendu dute hainbat sektoretatik oldarraldi hori "hauspotzen" ari direla, hala nola "alderdi politikoek, sindikatuek edo hedabideek", eta sektore horiek "hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak kontrajartzen" dituztela, "horrela, euskaraz bizitzeko nahia gero eta hautu prekarioagoa bilakatuz".
Erakundeok gogorarazi dute osasun, genero, etxebizitza edo lan zein bizi baldintza prekarioak inor gutxik defenda ditzakeela, eta hizkuntzarena ez dela salbuespena izan behar. "Euskararen aldeko borroka justizia sozialaren aldeko borroka da", azpimarratu dute.
ARKITEKTURA JURIDIKOA
ELAk, LABek eta Kontseiluak gogorarazi dutenez, mobilizazioari esker eztabaida epaitegietatik Eusko Legebiltzarrera eramatea lortu zuten, "baina Legebiltzarrean emandako lege aldaketek ez gaituzte asebetetzen". "Zalantzak ditugu aldaketa horiek oldarraldiari erantzuteko eta atzeraldia gelditzeko aski izango ote diren. Izan ere, ezinbestekoa da euskarari behar duen arkitektura juridiko berria eskaintzea, egungo hizkuntza eskakizunen paradigma gainditu eta langile publiko guztiek euskararen ezagutza izatea bermatuko duena", azaldu dute.
Horretarako, hiru erakundeek elkarlanean egindako proposamena mahaigaineratu dute, administrazioa 15 urtean euskalduntzea, alegia. Datozen urteetan, langile publikoen erdiak erretiroa hartuko duela eta inoizko belaunaldi euskaldunduena haien lekua hartzera etorriko dela gogorarazi dute. "Orain da unea, jauzirako baldintzak badaude", gaineratu dute.
ELAk, LABek eta Euskalgintzaren Kontseiluak "hizkuntza larrialdian" gaudela eta orain arteko bideak "aski ez" direla nabarmendu dute, eta larrialditik indarraldirako jauzia emateko, "pizkunde berri bat" eragiteko deia egin dute.