Euskararen Eguna ospatzeko 100 ekitaldi baino gehiago antolatu dira Donostiako 14 auzotan

Euskararen Eguna ospatzeko 100 ekitaldi baino gehiago antolatu dira Donostiako 14 auzotan
DONOSTIAKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 20 noviembre 2025 12:50

DONOSTIA 20 (EUROPA PRESS)

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko 100 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte Donostiako 14 auzotan. Hain zuzen, Aieten, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Egian, Grosen, Ibaetan, Intxaurrondon, Loiolan, Martutenen, Txomiñenean eta Parte Zaharrean izango dira ekintzak, azaroaren 26tik abenduaren 6ra.

Horren harira, Kerman Orbegozo Donostiako Udaleko Pertsonak, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketa eta Euskarako zinegotziak egitarauaren aurkezpenean nabarmendu du auzoetako batzordeek egin duten lana "goraipatu beharra" dagoela.

"Guztira, 50 eragile aritu dira lanean auzoetako egitarauak antolatzen eta hori nabarmentzekoa da. Elkarlanaren eta boluntario askoren konpromisoaren emaitza izan da", adierazi du.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eskuorriak eta kartelak argitaratu ditu auzo bakoitzeko egitarauarekin jarduera guztiak ezagutzera emateko, eta auzoetan banatzen hasi da jada, besteak beste, kultur etxe, kiroldegi, gazteleku, haurtxoko, jubilatu elkarte, ikastetxe, euskaltegi eta auzo elkarteetan.

Leku horietan ez ezik, donostiaeuskaraz.eus webgunean ere izango da eskuragarri auzoetan izango diren ekintzen gaineko informazioa auzoka zein egunez egun antolatuta.

Horrela, ekintza sorta zabala eta anitza prestatu dute auzoek datozen egunetarako. Alde batetik, kultur ekintzak izango dira, hala nola antzezlanak, film proiekzioak, liburu irakurketak, kantu jirak, bertso saioak edota musika emanaldiak.

Era berean, helduen artean euskara sustatzeko egitasmoak ere izango dira, besteak beste, mintzodromoak, elkarretaratzeak edota hitzaldiak, eta, azkenik, haurrentzako eta gazteentzako eta familian egiteko jarduerak ere antolatu dira (ipuin kontalariak, lehiaketak, pailazoak eta abar).

'AKELARRE MAREAREN KONTRA'

Bestalde, Akelarre musika taldeari buruzko 'Akelarre marearen kontra' dokumentala eskainiko da Donostiak Antzoki Zaharrean abenduaren 3an, 19:00etan, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat.

Akelarrek Euskal Herri osoko herri eta hirietako plazak euskaraz abesten eta dantzan jarri zituen. Taldea 1972an sortu zen eta 2005era arte ibili zen plazaz plaza. Denbora tarte horretan 16 disko kaleratu zituen.

Euskal musikaren alorrean funtsezko egitekoa izateaz gain, euskararen sutapenean ere garrantzi ikaragarria izan zuen. Hori dela eta, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak Euskararen Nazioarteko Egunean eskainiko du 'Akelarre marearen kontra' dokumentala.

Filmaren ondoren mahai ingurua izango da Xabier Sukia kazetariaren gidaritzapean, eta Jexux Mai Lopetegi, Aitor Amezaga eta Iñigo Cruz Akelarre taldeko kideek eta Xabier Zabala eta Carlos Iglesias dokumentalaren zuzendariek parte hartuko dute.

Sarrera doan izango da eta sarean eskura daiteke Donostia Kulturaren webgunearen bitartez edota Antzoki Zaharreko leihatilara joanda.

Contenido patrocinado