Euskararen erabilera areagotzeko plan estrategikoa aurkeztu du Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrean

Euskararen erabilera areagotzeko plan estrategikoa aurkeztu du Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrean
EUSKO JAURLARITZA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 3 junio 2026 12:43

GASTEIZ 3 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak 2026-2030 aldiko Euskararen Plan Estrategikoa aurkeztu du asteazken honetan Eusko Legebiltzarrean. Planak lau helburu nagusi, 11 ardatz estrategiko, 27 helburu operatibo eta 73 ekintza jasotzen ditu, eta datozen urteetarako hizkuntza politikaren lehentasunak zehazten ditu, 'Jauzia Gara' estrategiaren barruan.

"Gaur inoiz baino pertsona gehiagok daki euskara. Baina euskararen etorkizuna ez da ezagutzan bakarrik jokatuko. Erabileran jokatuko da. Motibazioan. Atxikimenduan. Eta euskarak pertsonen eguneroko bizitzan izango duen lekuan", adierazi du Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Legebiltzarrean egindako agerraldian.

Azaldu duenez, planak datozen urteetan hizkuntza politikaren norabidea zehaztuko du eta 'Jauzia Gara' ekimenaren barruan kokatzen da. Erronka nagusia erabileran dagoela iritzia, planak hiru aldaketa nagusi proposatzen ditu: ezagutzatik erabilerara igarotzea, sail baten planetik gobernu osoaren planera jauzi egitea, eta neurri isolatuetatik ikuspegi integral batera pasatzea.

Planak lau helburu nagusi ezarri ditu: euskararen ezagutza indartzea, erabilera handitzea, prestigioa eta balio soziala sendotzea, eta datuetan eta ebidentzietan oinarritutako hizkuntza politikak garatzea.

Bengoertxearen arabera, euskararen etorkizuna ez da administrazio edo instituzio publikoetan bakarrik erabakiko, eta, ildo horretan, 11 ardatz estrategiko ezarri dira planean lau helburu nagusiak garatzeko: gaitasuna, transmisioa, aisialdi antolatua, eremu publikoa, eremu pribatua, arnasguneak eta erabilguneak, hedabideak eta ikus-entzunezkoak, ingurune digitala, etorkinak, nazioartekotzea eta ikerketa eta datuen garapena.

Planaren barruan kokatzen dira, besteak beste, euskalduntze sistema eraldatuko duen Euskara Bonua; Ingura, euskara ikasteko aukera malguago eta irisgarriagoak eskaintzeko; Lanera proiektua, lan munduan euskararen erabilera sustatzeko proiektu eta era berriak; Euskorpora, euskara adimen artifizialaren eta etorkizuneko teknologien garaira eramateko; 'Adi filmak euskaraz!', euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza handitzeko, eta Eusguneak, lurraldeen arteko lankidetza sustatzeko.

TRESNA PRAKTIKOA

Ibone Bengoetxeak azpimarratu du aurkeztutako plana ez dela dokumentu itxi bat, ezta asmoen adierazpen hutsa ere, baizik eta datozen urteetarako bide orria da, euskararen erabileran aurrera egiten jarraitzeko tresna praktikoa. "Galdera ez da ea euskarak erronkak dituen ala ez; denok baitakigu badituela. Galdera da nola erantzun nahi diegun erronka horiei", adierazi du.

Horren harira, planak 27 helburu operatibo, 73 ekintza estrategiko eta 33 adierazle jaso ditu. Horrez gain, urteko kudeaketa planen bidez garatuko da, eta gobernantza, jarraipen eta ebaluazio sistema iraunkorra izango du. Lehenengo kudeaketa planak 2026rako 135 jarduera zehatz aurreikusten ditu.

Lehendakariordearen hitzetan, "anbizioz eraikitako plana da, baina errealitatean oinarritua, norabide argiarekin, baina egokitzeko gaitasunarekin, eta, batez ere, euskararen etorkizuna lankidetzatik eta adostasun zabaletatik eraiki nahi duen plana".

'JAUZIA GARA'

Eusko Jaurlaritzak euskararen etorkizunari begira egiten duen proposamena da 'Jauzia Gara', eta erronka nagusia erabileran kokatzen du, motibazioan, atxikimenduan eta eguneroko bizitzan. Horregatik, ekmenak euskararen biziberritzearen hurrengo etaparako "aterkia" proposatzen du, hiru bide nagusiren bidez.

Alde batetik, politika publikoak indartu nahi ditu, euskararen erabileran jauzi kualitatiboa egiteko beharrezkoak diren politika publiko sendoak, eguneratuak eta gaur egungo errealitateetara egokituak garatzea. Ildo honetan kokatzen da Euskararen Plan Estrategikoa.

Bestetik, ekosistema soziala aktibatzea proposatzen da, euskararen etorkizuna ez baita instituzioetatik bakarrik eraikitzen, eta erabilera soziala handitzeko ezinbestekoa da gizarte eragileen, enpresen, hezkuntza komunitatearen, kulturgileen eta herritarren arteko aliantzak aktibatzea.

Azkenik, lotura emozionala indartzea bilatzen da, euskara gero eta hurbilagoa, naturalagoa eta erakargarriagoa izan dadin, bereziki transmisio familiarrik jaso ez duten herritarren eta etorri berrien artean.

Contador

Contenido patrocinado