Euskararen Historiari buruzko Nazioarteko I. Biltzarra egingo da aste honetan Gasteizen

EHUko Letren Fakultatea
EHU
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 24 noviembre 2025 13:03

GASTEIZ 24 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko Monumenta Linguae Vasconum ikertaldeak Euskararen Historiari buruzko Nazioarteko I. Biltzarra antolatu du aste honetarako Arabako campusean, 'Testuak eta aldaerak aztergai' izenburupean, Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren babesarekin.

EHUko iturriek jakinarazi dutenez, topaketa asteartetik ostegunera izango da, azaroaren 25etik 27ra, egoitzak Letren Fakultatea eta Micaela Portilla Ikergunea izango dira, eta hainbat unibertsitate eta herrialdetako adituak bilduko ditu.

Biltzarraren helburua da euskal testuekin, euskararen aldaerekin eta euskararen historiarekin lotutako azken orduko ikerketak partekatzea eta eztabaidatzea.

"Izan ere, azken hamarkadotan euskara aztergai duen hizkuntzalaritza historikoa ikuspegi teoriko berrietan barneratu da, eta, aldi berean, testu aurkitu berriek ere ezagutzan sakontzea ahalbidetu dute", azaldu dute.

Antolatzaileen arabera, bi alderdi horiek "aurrerapauso handiak" ekarri dituzte euskararen historiaren ulermenean, eta horren erakusgarri izango da biltzarra, hainbat unibertsitate eta herrialdetako 50etik gora parte hartzaile arituko baitira hiru egunez, goizeko eta arratsaldeko saioetan, beren ekarpenak aurkezten.

Orobat, biltzarra antolatzeko data ez da zeinahi, bat egingo baitu 'Donemiliagako goldea' delako agiriaren milurtekoarekin (1025-2025). Donemiliaga Kukulako monasterioari lotutako agiria da eta, besteak beste, Arabako 300dik gora herriren izenak dakartza; XI. mendean Araban hitz egiten zen euskararen erakusgarri paregabea da, beraz.

Hain zuzen, biltzarrak testu horren testuinguru historikoa eta interpretazio linguistiko-filologikoaz aritzeko aukera ekarriko du, baina ez da horretara mugatuko, 'Donemiliagako goldea' ez ezik, Erdi Aroko beste lekukotasun batzuk, euskararen eta iberieraren arteko ustezko loturak, euskalkien jatorria eta bilakabidea, zenbait euskal testuren ekoizpen baldintzak eta berezitasun linguistikoak edota euskal gramatika historikoa ere aztergai izango baitira.

Contenido patrocinado