BILBO 2 (EUROPA PRESS)
Etxepare Euskal Institutuak bat egingo du aurten ere abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunarekin, eta, askotariko ekitaldi, ikastaro eta hitzaldien bidez, diasporako lagunek eta euskara ikasleek aukera izango dute eguna ospatzeko.
Hain zuzen, Europako eta Amerikako zenbait txokotara iritsiko da Euskararen Nazioarteko Eguna Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko irakurletza sarearen baitan antolatutako kultur programen bidez.
Etxepare Euskal Institututik jakinarazi dutenez, aurten 13 hiritan burutuko dira jarduerak, eta batzuk jada egin dira. Horrela, Frankfurt, Bartzelona, Poznan, Los Angeles, Konstantza, Chicago, Berlin, Champaigne, La Plata, Edinburgo eta Brnon egingo dira hitzaldiak, erakusketak, tailerrak, dastaketak, jolasak eta filmen proiekzioak.
Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan gradu edo graduondokoa ikasten ari diren ikasleei euskara eta euskal kultur ikastaroak eskaintzen dizkieten irakasleak dira irakurleak.
Etxepare Euskal Institututik abiatutako eta kudeatutako programa bat da, atzerriko unibertsitateekin elkarlanean, eta irakasle horiek guztiek eta euren ikasleek osatzen dute irakurletza sarea. Euskara eta euskal kultura klaseak emateaz harago doan lana egiten dute, euskal bizimodu eta tradizioen eredu eta sustatzaile baitira atzerrian.
Irakurleek, Etxepare Euskal Institutuaren sustapen eta laguntzarekin, euskal kulturarekin lotutako ekintzak antolatu ohi dituzte urtean zehar, Euskal Herrian garrantzitsuak diren efemerideak, pertsonaiak edota ohiturak ezagutarazteko helburuarekin.
Gaur egun Etxepare Euskal Institutuak 16 herrialdetako 32 unibertsitatetan sustatu eta kudeatzen ditu euskara eta euskal kultura irakurletzak. Guztira, 27 dira programa honetan lan egiten duten irakurleak.
Europan, Espainia, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, Finlandia, Polonia, Txekiar Errepublika, Hungaria, Irlanda eta Georgiako hainbat unibertsitatetan daude irakurletza programak; Amerikan, aldiz, AEBn, Argentinan, Txilen, Uruguaien eta Kuban ematen dira eskolak; Asian ere irakurletza bat sustatzen du Etxepare Institutuak, Japonian, hain zuzen ere.
EUSKARA MUNDUAN
Mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza bultzatzea ere bada Etxepare Euskal Institutuaren eginkizunetako bat. Horretarako, Euskara Munduan programaren bitartez, mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza bultzatzeko egiten du lan.
Horrela, gaur egun, munduko 70 euskal etxetan baino gehiagotan ematen dira euskara eskolak Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin.