BILBO 15 (EUROPA PRESS)
Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten eragileak gustura agertu dira joan den larunbatean Iruñean egin zen Euskaltzaleon Martxak izandako emaitzarekin, "berriro ere ikusi baitugu euskarari etorkizuna emateko herri gogoa bizirik eta indartsu dagoela".
Kontseilutik adierazi dutenez, milaka herritarrez osatutako hiru zutabek Iruñeko kaleak zeharkatu zituzten larunbatean, 'Euskaraz bizitzeko behar den dena' lelopean antolatutako Euskaltzaleon Martxan. Bero ikaragarriari aurre eginez, Gazteluko plazan kalejira erraldoi bat osatu eta dantzatuz eman zioten amaiera aldarrikapen nagusitzat ofizialtasuna, hizkuntza politiketan eman beharreko jauzia eta euskaltzaletasunaren izan zituen mobilizazioari.
"Euskalgintzaren Kontseilua osatzen dugun eragileok gustura gaude Euskaltzaleon Martxaren emaitzarekin, berriro ere ikusi baitugu euskarari etorkizuna emateko herri gogoa bizirik eta indartsu dagoela", nabarmendu dute Kontseilutik ohar baten bidez.
Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete Iruñean bildutako milaka euskaltzaleei, eta nabarmendu dute "elkargune garrantzitsu bat" izan zela "euskaltzaletasuna elikatzen jarraitzeko, euskararen eta euskal hiztun komunitatearen larritasun egoeraz jabetzeko, elkarrekin ahalduntzeko eta antolatzeko". "Finean, euskarak behar duen pizkundearen beste txinparta bat pizteko", gaineratu dute.
Milaka lagunen presentziaz gain, goraipatu dute gizartearen ordezkaritza zabal bat izan zela Iruñean, "euskaltzaletasunera oso leku desberdinetatik iritsitako jendea, bizipen eta arrazoi desberdinek bultzatutakoa, genealogia eta ikuspuntu desberdinetakoa".
Aniztasun horren isla da indar politiko eta sindikalen aldetik jasotako babes zabala: EAJ, EH Bildu, Geroa Bai, EH Bai, EA, Sortu, Alternatiba eta EHKS alderdi politikoek adierazi zioten babesa Euskaltzaleon Martxari, eta ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuetako ordezkariak ere izan ziren bertan. Horrez gain, arlo ezberdinetako ehunka gizarte eragilek bat egin zuten deialdiarekin: kultura mundukoak, kirol arlokoak, eskubide sozialen aldekoak, euskalgintzakoak eta beste.
Era berean, azpimarratu dute belaunaldi guztietako jendea elkartu zela martxan, eta, bereziki, gazteek izan zuten presentzia. Ildo horretan, Gazte Euskaltzaleen Sareak gazte martxaren bidez egindako ekarpena nabarmendu dte, Gazteluko plazako ekitaldian eurek adierazi zutenez, "euskararen aldeko borrokaren lekukoa" hartzeko prest baitaude.
Orobat, antolatzaileek balioetsi dute Iruñeko kaleetan zehar nabari zela Euskal Herri osotik iritsitako euskaltzaleak batu zirela, Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa osokoak, hain zuzen ere.
AURRERA BEGIRA
Euskaltzaleen Kontseilutik adierazi dutenez, aurrera begira, euskarak "premiazkoa duen pizkunderako beste txinparta bat" piztu da Iruñean, "baina hau ez da hemen bukatzen", euskararen normalizazio eta biziberritzean aurrera egitea oraindik ere "indar handia" eskatzen duelako.
Horrela, gogorarazi dute Kontseiluak erronka bat proposatu duela: 2036rako 300.000 euskaldun gehiago lortzea eta %20ko erabilera langa gainditzea. "Erronka anbiziotsua, baina, aldi berean, egingarria. Prest gaude lan horretan jarraitzeko, eta ziur gaude milaka euskaltzale ere prest daudela bide hori indartsu egiteko. Azken boladan esaten ari garen bezala, ezinbestekoa da euskaltzale bakoitzak bere inguruan eragiten jarraitzea: etxean, auzoan, herrian, lantokian, ikastetxean, sareetan, bizitzako eremu guztietan, euskaltzaletasuna berriro lehen lerrora ekartzeko", azaldu dute.
Azkenik, laster izango diren elkargune berriak gogorarazi dituzte: alde batetik, azaroaren 21ean manifestazioa Baionan, Ipar Euskal Herrian euskararen ofizialtasunari bultzada bat emateko, Euskal Konfederazioan batzen diren eragile euskaltzale guztiek deituta; bestalde, abenduaren 19an mobilizazioa berriz ere Iruñean, Nafarroan zonifikazioa ezarri zuen legeak 40 urte betetzen dituenean, desberdinkeria horrekin amaitu eta euskara ofiziala Nafarroa osoan izan dadila eskatzeko.
Bukatzeko, Kontseiluak eskerrak eman dizkie Euskaltzaleon Martxaren antolaketan parte hartu duten kulturgileei, musikariei, kazetariei eta azpiegitura, segurtasun zein komunikazio lanetan aritu diren langile eta boluntarioei. Azkenik, esker berezia helkarazi die bere bazkideei, herriz herri kanpaina egiten eta autobusak antolatzen aritu diren ezinbesteko ekintzaileei, eta egunez egun euskararen alde, bakoitzak bere erara, egiten duten pertsona guztiei.