Euskarazko manga liburuak erosteko aukera egongo da Durangoko Azokan

'Manga Euskaraz' Kanpaina.
IREKIA
Actualizado: martes, 5 diciembre 2023 14:19

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

Harriet argitaletxeak euskarazko irakurketa sustatu nahi du gazteen artean, eta Kabe zigiluaren bidez eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin lankidetzan, 'Manga Euskaraz' kanpaina jarriko da abian 58. Durangoko Azokan.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, bere gobernu programan azaltzen diren egitekoen artean dago euskara bizitzako eremu guztietan erabili ahal izatea ahalbidetzea, lan eremuan, ingurune digitalean, familia transmisioan zein aisialdian, eta hori betetze aldera, euskararen erabilera sustatzeko programak indartzeko konpromisoa hartua du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak.

Bada, horrekin bat egiten du Harriet argitaletxeak une honetan duen erronkak, hau da, kalitatezko argitalpen funts bat sortzea, hainbat publiko segmenturi zuzendua: haurrentzako komikiak zaletasuna sortzeko, abentura eta genero komikiak zaletu klasikoenentzat, edota komiki modernoagoak bestelako sentsibilitateak asetzeko.

Horrela, Harriet argitaletxea Kabe zigiluarekin manga euskaraz argitaratzen hasi zen urtean, Espainiako Estatuan 1.380 manga titulu argitaratu ziren gazteleraz, 58 katalanez eta bi euskaraz. 2021eko azaroan, Estatuan gehien saldu ziren 100 liburuetatik 20 mangak izan ziren, todostuslibros.com zerrendaren arabera.

Manga euskaraz egitasmoari dagokionez, euskarara itzulitako tituluak aukeratzeko irizpideak, historiaren nahiz proposamen grafikoaren kalitateaz gain, genero aniztasuna, sail bakoitzeko liburu kopurua eta, lehentasunez, gaztelaniara itzulita ez zeudenak izan dira.

Urtebetean lau serie atera dira, eta guztira 11 liburu argitaratu dira oraingoz; datorren urtera begirako aurreikuspena da hasitako serieekin jarraitzea eta serie berriak gehitzea, baita Europan argitaratu gabeko baten bat ere.

'Manga Euskaraz' kanpainari dagokionez, ostegunean (ikasleen goiza) eta ostiralean, abenduaren 7an eta 8an, interesa duten 10 urtetik gorako gazteek marrazki edo bineta bat egin beharko dute manga estiloan eta euskarazko testuarekin.

Azokan egongo diren cosplayer edo manga pertsonai ezagunez mozorrotutako pertsonak aurkitu beharko dituzte, eta haiek arduratuko dira marrazkiaren ordez opari bonu zenbakitua emateaz. Harriet argitaletxearen salmahaian, opari bonua aurkeztuz gero, Kabe zigiluaren euskarazko manga bat eskuratu ahal izango dute. Guztira 500 opari bonu banatuko dira, kanpainaren egun bakoitzean 250.

Gainera, ostiralean, 14:30ean, Durangoko Azokako Areto Nagusian, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Harriet eta Kabeko ordezkariek euskarazko manga liburuen aurkezpena egingo dute, euskal gazte mangazaleek egindako marrazkiez inguratuta.