Eusko Ikaskuntzak bat egin du euskal bibliografian dauden autoritateen zerrenda bateratu bat sortzeko ekimenarekin

Ana Urkiza eta Idoia Sobrino
EUSKO IKASKUNTZA
Actualizado: lunes, 20 mayo 2024 13:15

DONOSTIA, 20 (EUROPA PRESS)

Idoia Sobrino Euskal Autoritateen Lantaldeko kideak eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute astelehen honetan, eta horren bidez, Euskal Herriko lurraldeetako eta euskal diasporako liburutegietako eta dokumentazio zentroetako profesionalek euskaratik eta erabilera komunerako euskal bibliografian dauden autoritateen zerrenda bateratu bat sortzeko 2017an abiatutako ekimenarekin bat egin du Eusko Ikaskuntzak.

Eusko Ikaskuntzatik jakitera eman dutenez, kontzeptu horren baitan jasotzen dira Euskal Herrian edozein hizkuntza, gai edo formatutan editatutako edo ekoitzitako lanak, zein Euskal Herritik kanpoko baina euskal hizkuntza edo kulturarekin zerikusia dutenak.

Azaldu dutenez, liburuzain-katalogatzaileek erregistro bibliografikoetan pertsona-izenak edo gaiak modu normalizatuan eta bateratuan erabili ahal izateko, aurretik autoritateak landu behar dira, hau da, bibliografietan jasotzen diren autoritate erregistro edo izen, ezizen edo tituluen forma komun, normalizatu eta arautua ezarri behar da.

Helburua da biltegiratutako dokumentuak bilatzea, identifikatzea eta berreskuratzea, nahasteak saihestuz eta erabiltzaileari denbora aurreztuz. Erakunde korporatibo edo pertsonal jakin baten obrak bilaketa bat egiten den bakoitzean berreskuratzen direla ziurtatzeko, sarrera nagusia zehaztu behar da, haren forma onartua ezarri, baita onartu gabeko formak edo lotutako formak aipatu ere.

Erabilera, batez ere, katalogoetan, liburutegietan eta beste edozein erregistro guneetan emango da, baina baita hedabideetan edo kale izendegietan ere. Autoritateei esker, eta kasu honetan euskal autoritateei esker, erregistroen bilaketan, euskaraz ere erreferentzia komun, normalizatu eta arautuak egonen dira eskuragarri.

Bada, Euskal Herriko Liburutegi Nazionalaren faltan, lan horren ardura Euskal Autoritateen Lantaldeak eta Eusko Ikaskuntzak hartu dute, euskaratik ere nazioartean indarrean dauden arauekin eta erakundeekin bat egiteko asmoz.

AUTORITATEAK.EUS

Aurkezpenean, autoritateak.eus ataria ezagutzera eman da. Bertan, autoritateen izenak biltzen dituzten fitxak jasoko dira, aldaerak, onartutako edo onartu gabeko moduak barne, eta kontsulta irekian eskuragarri egongo da. Hitzarmenean zehazten denez, Eusko Ikaskuntzak bere gain hartuko du proiektua garatzeko beharrezkoa den azpiegitura teknologikoa jartzea.

Urkizaren iritziz, "herri ikuspegia bultzatzen duen eta interes orokorrekoa den ekimena da, euskal ekoizpenaren hedapena eta sarbidea erraztuko dituena, baita euskararen sustapena ere, eta Euskal Herriko zazpi lurraldeetako eta euskal diasporako kultura eta akademia erakundeen arteko lankidetza bultzatuko duena".

Bestalde, Sobrinok nabarmendu duenez, "euskaratik lan hau modu orokor eta bateratu batean egin gabe zegoen oraindik eta gaurtik aitzin iturri komun bat izanen dugu, autoritateen zerrenda oso bat, edozein erakundek bere autoritate katalogoa osatzeko erabili ahal izanen duena".

Tresna bera handitzen eta gorpuzten lagundun duten profesionalak eta erakundeak ere aipatu ditu, hala nola Bilketa Sarea (Ikas Pedagogia Zentroa, Euskal Museoa, Baionako Liburutegia eta Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko Liburutegia), ASNABI (Nafarroako Liburuzainen Elkartea), Eusko Jaurlaritza (Liburutegi Zerbitzua, Euskariana, HABE eta EIMA Katalogoa), Euskaltzaindiaren Azkue Liburutegia eta Renoko Unibertsitateko Jon Bilbao Liburutegia.

Contador