Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Diputazioak "frustrazioa" agertu dute Txillidatarrek negoziazioak hautsi dituztelako

Urgell (ezkerrean) eta Aranburu
EP
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 25 marzo 2011 14:48

DONOSTIA 25 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak "frustrazioa" agertu dute Txillida Belzunze familiak Hernaniko (Gipuzkoa) Txillida Leku Museoa berriz irekitzeko negoziazioak hausteko "aldebakarreko" erabakia hartu duelako. Erabakia "ustekabe handia" eta "ulertezina" dela adierazi dute, eta familiak azaldutako "desleialtasuna" gaitzetsi dute.

Donostian egindako agerraldian, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara diputatuak agiri bat aurkeztu dute, Txillida Belzunze familiak joan den martxoaren 18an kaleratu zuenari erantzunez. Bi erakundeekiko negoziazioak bertan behera gelditzen zirela eta Txillida Leku Museoa behin betiko ixten zela iragarri zuen familiak orduko agirian.

Urgellek eta Aranburuk "atsekabea eta ezustea" agertu dute gertatutakoarekin, eta Txillida Belzunze familiak azalduriko "desleialtasuna" gaitzetsi dute, erakundeetatik "errespetu, zuhurtasun eta konfiantza handienean oinarrituriko" negoziazio markoa ezarri zenean.

Urgellen iritziz, harrigarria da familiak agirian esatea Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Diputazioa museoa eskuratzeko ordaintzeko prest dauden 80 milioi euroko prezioa "ez dela garrantzizko gaia, desadostasunak beste alderdi batzuetan kokatzen saiatuz".

Aranburuk gaineratu duenez, museoak adostutako prezioak "garrantzia" duen arren, ez da aldaketarik izan familiak eta Eusko Jaurlaritzak aurreko legealdian lorturiko aurreakordioan jasotako "benetazko" zenbatekoetan, baina bai akordioaren "egituran". Halaber, bere esanetan, hizpide den kantitatea "ez da huskeri bat".

Zentzu honetan, bi erakundeek familiaren izaera monografikoa "inoiz" ez dutela zalantzan jarri argitu dute, Txillida Lekuk "autore museoa" izan behar duela uste dutelako, "gaur egungoa eta beste artista eta adierazpen edo elementuekiko irekia".

Horrela, museoak multzo bezala duen funtsa "inoiz" ez dutela aldatu nahi izan zehaztu dute. Horregatik, marko programatiko bat proposatu zioten familiari, museo monografikotzat zer ulertu behar den zehazteko. Halaber, "etorkizuneko Fundazioaren eta Txillida Belzunze familiaren arteko ekitate arbitrajerako sistema" bat ezartzea ere planteatu zioten familiari, arlo honetan izan zitezkeen balizko gatazkak jorratzeko.

Urgellek eta Aranburuk esan dute bi erakundeek ez dutela zalantzan jarri bildumaren batasuna, eta hori "operazioa egiteko baldintza bat" izan zela gogoratu dute. "Bildumaren batasuna mantentzeaz gain, zabaltzeko asmoa zegoen", ziurtatu dute.

Familiak arte-programazioarekiko izan nahi zuen beto-eskubidea eta "museoaren etorkizuneko zuzendaritza taldearen erabakiekiko tutoretza" ere izan dituzte hizpide. Horrela, horri ezetz esan ziotela azaldu dute, ez zelako dohaintza bat, erosketa bat baizik. Aranbururen arabera, "desadostasun garrantzitsu bat" izan da gai hori, "erosketa batez eta ez dohaintza batez ari garenean, ezin delako beto hori onartu".

Urgellek eta Aranburuk ziurtatu dute "eskaintza eta aukera ugari" planteatu dituztela "azterketa eta egiaztatze prozesu garrantzitsu batean" Txillida Lekuren "bideragarritasunerako irizpideak erantzukizun publikotik ezartzeko". Prozesu horretan Jaurlaritza eta Aldundia "batera" joan direla esan dute, eta prozesua bera "ondo" zihoala, eta horregatik "ulertezina" iritzi diote familiaren erabakiari.

Txillida Belzunze familiak negoziatzeko eta adostasuna lortzeko borondaterik ez duela deitoratu ondoren, Eduardo Txillidaren obra eta figurarekiko "errespetu eta mirespen handiena" azaldu dute, bai eta bere sormenen zabalkunde, sustatze eta balioespenarekiko konpromisoa ere, "euskal heritar guztien ondarea" direlako.

ETORKIZUNA

Etorkizunean negoziazioak berriro hasteko dauden aukerei dagokienez, Aranburuk esan du orain "lasaitasun eta familiarekiko eta instituzioekiko presiorik gabeko" fasea hasten dela, "denbora igaro behar delako" Txillida Belzunze familiak "kolaboratzen" jarraitu nahi duen ikusteko. Edonola ere, negoziaziorik egotekotan, orain arte izandako baldintzekin ez dela egongo adierazi dute.

Urgellek nabarmendu du prozesu osoan zehar erakundeak "zintzoak" izan direla eta "zuhurtasunez" aritu direla, hedabideei eginiko zenbait filtraziok beren irudia "kaltetu" arren. "Une honetan, gauzak dauden moduan, oso zaila izango litzateke orain arteko harreman bera mantentzea", gaineratu du.

Artículos Relacionados

Contenido patrocinado