Eusko Jaurlaritzak www.tveuskadi.net internet bidezko telebista aurkeztu du Turismo.as foroan, Oviedon

Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 13 abril 2011 15:20

BILBO 13 Abr. (EUROPA PRESS) -

Turismo.as Turismoaren eta Teknologiaren Nazioarteko III. Foroa egiten ari da atzotik Oviedon, eta, besteak beste, Facebook, Google, Iberia, Tripadvisor, Alsa, Tooway, Segittur Turismoaren Teknologiak eta Berrikuntza Kudeatzeko Estatu Sozietatea eta Red.es bertaratu dira. Horiekin guztiekin batera, Eusko Jaurlaritzaren Turismoko zuzendari Isabel Muela da bertan, 2010ean martxan jarritako www.tveuskadi.net turismoko internet bidezko telebista-kanalaren funtzionamendua eta abantailak aurkezteko.

Iaz, abuztuaren 4an, Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaietako txupinazoarekin batera, internet bidezko telebista-kanal berria inauguratu zuen Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko erakargarritasunak ezagutzeko interesa duten guztientzat.

Eusko Jaurlaritzako Turismoko zuzendariak komunikazio-sistema berri horren ezaugarrien berri eman du Oviedon. Orain arte, 68.725 bisitaldi eta ikusitako 988.000 orri baino gehiago erregistratzeaz gain, 36 ekitaldi baino gehiago zuzenean eman ditu.

www.tveuskadi.net telebista-kanala "oso parte-hartzailea" dela nabarmendu nahi izan du Muelak. Gainera, telebista eta telebistaren edukiak gizarte-sareetan parteka daitezke, hala nola facebooken eta twitterren, besteak beste.

Turismoaren eta teknologien sektoreetako 300 profesionalek baino gehiagok hartu dute parte foroan, eta, funtsean, gizarte-sareek turismoaren sektorearentzat duten garrantzia aztertu dute. Ildo horretatik, Isabel Muelak adierazi du kanal berri hori Euskadiko turismoarentzat "oso garrantzitsua" izaten ari dela.

Foroa atzo hasi zen eta bihar bukatuko da eta lau gai jorratu dira: ekintzailetza, autonomia erkidegoak (Turismoko zuzendariak une horretan hartu du parte), teknologiek turismoaren sektorean duten garrantzia, eta, azkenik, ospe handiko turismo blogerrak. Azken atal horrek Andy Jarros, Jack Montomery eta Alastari McKenzie izan ditu partaide.

Foroa amaitutakoan, bloger horiek bidaia bat egingo dute Kantauri itsasoan zehar, helmuga baten sustapena hobetzeko moduak aztertzeko, eta, jarraian, liburu bat argitaratuko dute bidaia hori oinarritzat hartuta.

Contenido patrocinado