Euskotren ez da ibiliko Zumaia eta Zarautz artean uztailaren 4tik 11ra, hobekuntza lanak direla eta

Lanak Zumaian San Migeleko zubian
EUSKOTREN
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 26 junio 2023 12:09

DONOSTIA, 26 (EUROPA PRESS)

Euskotren sozietate publikoko unitateek ez dute zirkulatuko Zumaia eta Zarautz artean uztailaren 4tik abuztuaren 11ra bitarte, biak barne, Euskal Trenbide Sareak (ETS) trenbide azpiegitura hobetzeko aurreikusita dituen zenbait obra direla eta. Edonola ere, zerbitzua une oro eskainiko da ordezko autobus zerbitzuen bidez.

Euskotrenek jakinarazi duenez, zirkulazio etetea eragingo duten lanak Urola ibaiaren gaineko Zumaiako zubikoak dira. Gainera, Meagako eta San Migeleko tuneletan trenbidea berritzeko eta azpiegitura hobetzeko lanak ere egingo dira. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak sustatutako jarduketak dira, eta ia sei milioi euroko inbertsioa eskatuko dute.

Urola ibaiaren gaineko Zumaiako zubiari San Migeleko zubia ere esaten zaio. Egitura konpontzeko lanak egingo dira bertan, eta trenbidea eta katenaria erabat berrituko dira. Lehenik, trenbidearen gainegitura guztia kenduko da, egiturari kargak kentzeko, soilik bere pisu propioarekin lan egin dezan.

Jarraian, egitura lanak gauzatuko dira, eta horiek amaitutakoan, goiko lauza txorreatu eta margotuko da, bibrazioen aurkako manta jarriko da, drainatze sarea eraikiko da eta trenbidearen gainegitura, katenaria eta segurtasun eta komunikazio instalazioak muntatuko dira.

Lanak direla eta, uztailaren 4tik abuztuaren 11ra bitarte ordezko autobus zerbitzua eskainiko da. Bilborako noranzkoan, Zarautz eta Eibar arteko ordezko autobus zerbitzua izango da, onbdoren Eibartik trenez jarraitzeko. Zarautz eta Eibar artean, autobusa erabiltzaileak jaisteko baino ez da geratuko, eta Zarautzen, autobusaren geralekua behin behineko geltokiaren ondoan egongo da.

Donostiarako noranzkoan, berriz, ordezko autobus zerbitzua Zumaiatik helmugaraino eskainiko da. Zumaia eta Donostia artean autobusa erabiltzaileak jaisteko baino ez da geratuko, eta Zumaian, autobusaren geralekua geltokiaren ondoan egongo da. Trenek ohiko ordutegiekin zirkulatuko dute Zumaia eta Bilbo artean eta Zarautz eta Donostia artean.

Informazio gehiago eskura daiteke Euskotrenen geltokietan, 944 333 333 telefono zenbakian, www.euskotren.eus webgunean, @euskotren Twitter guinean eta app ofizialean.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado