'Fantasia DA!' izango da 58. Durangoko Azokaren leloa

58. Durangoko Azokaren Leloa Eta Irudia Aurkeztu Dituzte.
DURANGOKO AZOKA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 4 octubre 2023 13:07

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

   Durangoko Azokako arduradunek iragarri dute 'Fantasia DA!' izango dela 58. ediziorako leloa, eta abenduaren 6tik 10era Azoka "fantasiaz" beteko dela nabarmendu dute. Gainera, Ximon Agirre artista hernaniarrak fantasiaren gaia ardatz hartuta egin duen aurtengo edizioko kartelerako irudia ere aurkeztu dute asteazken honetan Landakon egindako agerraldian.

   Bertan izan dira Gerediaga elkarteko Nerea Mujika (presidentea) eta Beñat Gaztelurrutia (koordinatzailea) eta guneetako arduradunak diren Miren Narbaiza (Ahotsenea), Irati Agorria (Irudienea), Diana Franco (Kabia), Martxel Zubia (Saguganbara), Arantza Arrazola (Szenatokia) eta Oihane Agirre (Azoka Telebista).

   Azokaren erakunde kolaboratzaile zein babesleen ordezkariak ere egon dira agerraldian: Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea, Isaac Amezaga Bizkaiko Aldundiko Euskara zuzendari nagusia, Andoni Iturbe Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Aldundiko Kultura zuzendari nagusia, Jone Berriozabal Arabako Aldundiko Euskara, Berdintasun eta Gobernantza diputatua, Javier Arakama Nafarroako Euskarabidea institutuko zuzendaria, Koldo Bilbao (BBK), Josean Yela (Eroski), Eider Rodriguez (Euskaltel) eta Iñaki Nubla (Konfekoop).

   Nerea Mujikak antolatzaileen nahia azaldu du: "euskal kulturari bultzada emateko asmoz, Durangoko Azoka jendetsu eta aberatsa izatea, horixe da gure fantasia".

   'Fantasia DA!' leloaren ideiaren atzean dagoen unibertsoaz ere hitz egin du Mujikak. Bere hitzetan, "fantasia da sortzaile berrien ilusioa, liburuen usaina, diskoen kolorea, kulturzaleen irribarrea, bolondresen lana, aspaldi ikusi gabeko lagunekin topatzea, sormen bakoitzaren istorioan dagoen magia, jende alaiaren berbaroa, bizigogoa, kulturaren beroa".

IRUDIA

   58. Durangoko Azokaren irudia Ximon Agirre artistak (Hernani, 1994) egin du. Artean graduatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta Inprimaketa Grafikoko, Ilustrazioko eta Lanketa Artistikoko Masterra egin zuen Gaztela-Mantxako Unibertsitatean.

   Ilustrazioan, bideogintzan eta animazioan jardundakoa da, eta azken urteotan musika taldeentzat egin du lan gehienbat -Belako, Lukiek, Toc, Kyxo, Kristonak, Amooma eta Kilimak, besteak beste-, diskoen azalak, kontzertuetarako kartelak eta bideoklipak sortzen.

   Agirrek adierazi du "ilusio handiz" hartu zuela aurtengo kartela diseinatzeko proposamena, Durangoko Azoka "kulturaren erakusleiho handi bat" izateagatik, eta bertan aurkeztu izan diren zenbait diskoren diseinuak ere egin izan dituelako.

   Aurtengo kartelekoa hiru dimentsioko irudi sakona da, errealitate birtualean landua. "Hasieratik argi nuen 3Dn egin nahi nuela, gero mundu horren barruan sartu ahal izateko, eta errealitate birtualaren bidez modelatu nahi nuen, askatasun gehiago edukitzeko", azaldu du.

   Kolore alai eta saturatuekin, Durangoko Azokaren festa izaera bistaratzea izan du helburu. "Kartelaren ideia nagusia mundu propio bat sortzea izan da, azokaren ohiko elementuak pertsonaia fantastikoekin uztartuz", gaineratu du.

EGITARAUKO PROPOSAMENAK

   Egitaraua prestatzen hasita daude guneetako antolatzaileak, eta, Mujikaren arabera, deneriko eskaintzak egongo dira Ahotsenean, Irudienean, Kabian, Museoan, Saguganbaran, Szenatokian eta Talaian. "Hitzaldiak, musika, solasaldiak, proiekzioak, tailerrak, liburuak, diskoak, emozioak, grazia, poesia eta fantasia ere bai", azaldu du Gerediagako presidenteak, aurtengo leloari erreferentzia eginez.

   Hain zuzen, egitarauari dagokionez, Beñat Gaztelurrutiak gogoratu du oraindik zabalik dagoela proposamenak egiteko aukera, urriaren 15era arte, www.durangokoazoka.eus webgunean.

   Bestalde, aurtengo edizioan, Ikasle Goiza azokaren bigarren egunean izango da, abenduaren 7an. Ikastetxeetako eta aisialdi taldeetako gazteei zuzendutako egitaraua egongo da, eta Durangora joan ezin duten ikastetxeek PortaDA! erronkan parte hartu ahalko dute. Ikasle Goiza izan arren, azoka bisitari guztientzat zabalik egongo da.

AURREZ AURREKOA

   Halaber, agerraldian gogorarazi dutenez, 2020an sareko azoka ipini zen martxan, pandemiak eragindako egoerak behartuta; 2021ean, aurrez aurrekoa eta birtuala elkartu ziren, erdibideko azoka batean, eta iaz, sareko aukera mantendu arren, azoka presentziala indartu zen, eta erabiltzaileek ere aukera hori lehenetsi zuten.

   "Hori dela eta, aurten aurrez aurreko azokaren aldeko apustu osoa egingo dugu. Sareko ereduaren leihoa itxiko dugu. Hala ere, pertsiana guztiz bota barik, etorkizunean horren premia egonez gero, egoerara egokitzeko adi egongo baikara", azaldu du Gaztelurrutiak.

   Gainera, Azokaren osteko astean, 'Zu non, han DA!' ekimenaren bitartez, Euskal Herri osorako zabalkundeari jarraipena emango zaio. Ekimenari esker, Durangoko Azokako nobedadeak eskuragarri egongo dira Euskal Herriko hainbat liburu dendatan; horietako zenbaitetan, gainera, liburu aurkezpen bereziak antolatuko dira. Liburu saltokientzat izen-ematea aste honetan zabaldu da.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado