FANTek Nacho Vigalondoren 'Daniela Forever' filma aurrestreinatuko du asteazken honetan

Nacho Vigalondo eta Amaia Domingo
BILBOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 12 febrero 2025 15:17

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalak antolatutako FANT Zinemaldi Fantastikoak Nacho Vigalondok zuzendutako 'Daniela Forever' filma aurrestreinatuko du asteazken honetan, otsailaren 12an, maiatzaren 2tik 10era ospatuko den 31. aldiaren aurretik prestatutako PreFANT zikloaren baitan.

Filma prentsaurrekoan aurkeztu dute asteazken honetan Amaia Domingo FANTeko zuzendariak eta Nacho Vigalondo filmaren zuzendariak, eta 19:30ean proiektatuko da Golem Alhondiga zinema-aretoetan. Sarrera doan izango da lekua bete arte, baina gonbidapena jaso beharko da leihatiletan 16:30etik aurrera.

Aurkezpenean azaldu dutenez, 'Daniela Firever' Sitges Kataluniako Nazioarteko Zinemaldi Fantastikoan estreinatu zen Europan eta Torontoko Nazioarteko Zinemaldian mundu mailan.

Zuzendari kantabriarraren azken lanak Nicolasen istorioa kontatzen du. Daniela neska-lagunaren galerarekin bere bizitzak zentzua galdu du. Egun batean, bere ametsak kontrolatzeko aukera emango dion entsegu kliniko batean parte hartzera gonbidatzen dute.

Horrtik aurrera, Nicolasek Danielarekin amets egin dezake gauero eta bere harremana berrabiarazi, inoiz baino idilikoagoa, ametsetan bada ere, eta bertan betiko galtzeko arriskuarekin.

Nacho Vigalondok 2007an zuzendu zuen 'Cronocrímenes' bere lehen film luzea, Goya sarietan Zuzendaritza Berri Onenaren sarirako izendapena jasoz. Oscar sarietarako izendapena ere jaso zuen 2004anko '7:35 de la mañana' film laburrarekin.

Azken urteetan idatzi eta zuzendu dituen lanen artean daude 'Extraterrestre' (2011), 'Open Windows' (2014) eta 'Colossal' (2016), nazioarteko hainbat sari irabaziz, hala nola Fantastic Fest-eko Film Onena.

Halaber, 'Nuestra bandera significa muerte' telesail estatubatuarraren hainbat atal zuzendu ditu, baita beste lan batzuk ere, hala nola 'Justo antes de Cristo' (2019), 'El vecino' (2019), 'Pooka (Into de dark)' (2020) eta 'El otro lado' (2023).

EUSKARAZKO FILM LABURRAK

Bestalde, fantasiazko filmak erakusteaz gain, FANTek ikus-entzunezko sorkuntzari laguntzea ere du helburu, Bilboko Udalaren 2023-2033 aldirako Kultura Plan Estrategikoaren barruan kultur sorkuntza bultzatzeko dagoen ildo estrategikoari jarraituz.

Ildo horretan, FANT zinemaldiak euskarazko fantasiazko film labur bat ekoizteko proiektuak aurkezteko deialdia egin zuen urtarrilean eta epea martxoaren 28an amaituko da.

Saria 5.000 eurokoa da eta irabazleei film labur bat egiteko aukera emango die. Parte hartzaile bakoitzak gehienez ere bi proiektu aurkeztu ahal izango ditu, gehienez 20na minutukoak. Lanak www.bilbaofant.eus webgunearen bidez bidali behar dira.

Azkenik, FANT Bilbao 2025 Sail Ofizialean erakutsiko diren filmak aurkezteko epea amaituta, zinemaldiak 833 proiektu jaso ditu guztira.

Contenido patrocinado